Katarain eta Maiza bosgarrenak

Guaixe 2019ko mai. 7a, 13:06

Beñat Katarain bosgarrena sailkatu zen III. Kanpezu Ioar mendi maratoi erdian eta Joxeja Maiza bosgarrena Elomendi Xtreme maratoi erdian

Asteburuan makina bat mendi lasterketa jokatu dira eta korrikalari sakandarrek maila bikaina eman dute atzera ere. Igandean III. Kanpezu Ioar mendi maratoi erdia jokatu zen, Espainiako Mendi Lasterketen Koparako baliagarria zen hirugarren proba (26,5 km). Goiza frexko esnatu egin zen, baina zeru urdina;korrika egiteko egun aproposa zegoen. Oier Ariznabarretak sekulako erakustaldia eman zuen eta nagusitasun handiz irabazi zuen lasterketa, errekorra apurtuz (2:17:47). Lau minutu pasa atera zizkion Santiago Mezquita bigarrenari (2:21:21). Euskadiko selekzioarekin dabilen Beñat Katarain lakuntzarra oso ongi ibili zen eta bosgarrena iritsi zen helmugara (2:24:31), eta Jose Antonio Salgado korrikalari beterano altsasuarra 126.a sartu zen (3:22:33). Emakumezkoetan, Euskadi selekzioko Maite Etxezarretak goi mailako lasterketa egin zuen eta errekorra apurtu zuen (2:52:44).

Bestalde, Elok X. Elomendi Xtreme mendi lasterketa hartu zuen igandean, bi modalitateetan: Motza (14 km) eta Luzea (22 km). Proba luzean sekulako erakustaldia eman zuen Iñaki Mihura arraioztarrak eta bakar bakarrik iritsi zen helmugara (2:00:49), Jose Maria Tiscar bigarrenari 10 minutu atera eta gero (2:10:26). Joxeja Maiza etxarriarrak lasterketa bikaina egin zuen eta bosgarrena iritsi zen (2:14:50), eta Mikel San Martin etxarriarra 57.a sartu zen (2:58:01). Emakumezkoetan Huescako Julia Perez gailendu zen (2:55:13), Beatriz Martinezekin lehia estua izan eta gero (2:55:28). Erkuden San Martin etxarriarra izan zen lehen sakandarra, lasterketan laugarren emakumea (3:02:27).

Sakandarrak ere Aguraingo Oriamendi San Jorge Trailean (14 km) aritu ziren korrika. Soraluzeko Ander de Luis (57:12) eta Gasteizko Paula Rodrigo (1:17:53) izan ziren azkarrenak. Ioseba Iza arbizuarra 17.a iritsi zen helmugara (1:06:29), Luis Areta lakuntzarra 27.a (1:11:25), Asier Leitza arbizuarra 37.a (1:14:29) eta Ion Iñaki Araña arbizuarra 48.a (1:22:35).