A28ko hauteskundeak eta gero aterako den gobernuak hainbat galderari erantzun beharko die, besteak beste:
- Nola liteke 1993. urtetik gutxienez 35.597 pertsona hil izana Europa gotorleku honetara iristeko ahaleginean, ez zutelako izan segurtasunez eta bermez erabili ahal izateko bide eta prozedurarik?
- Zergatik, ezin izan dira sikiera birkokatu hilabeteak eta urteak Europako hegoaldeko herrialdeetan bizi-baldintza tamalgarrietan pilatuta daramatzaten milaka pertsonak?
- Zer-nolako sexu-erasoak pairatzen dituzte emakumeek herrialde batetik besterako ibilbidean, bai eta haien salerosketan aritzen diren mafien mende dauden bitartean ere, eta EBk ez du horrekin guztiarekin amaitzeko inolako neurri eraginkorrik jartzen?
- Nola justifikatu Europar Batasunak (EB) —muga guztiak desagerraraziko zituenak— azken urteotan bertako herrialdeen artean munduko beste edozeinek (Trump barne) baino muga gehiago eraiki izana?
- Zenbat diru publiko erabiliko da europarren eta migratzaileen bizi-baldintzak hobetzeko? eta Marokon edo Turkian atxiloketa/kontzentrazio eremuak eraikitzeko?
- Egia al da Segurtasun eta Defentsa politika europarrak milioika euro gastatzen dituela Libian, Nigerren, Malin, Somalian edota Ugandan, besteak beste, poliziak eta militarrak entrenatzeko? Herrialde horietako armadek immigrazioaren kontrako eginkizunean parte har dezaten, «terrorismoa» ekiditeko aitzakiaz?
- Noiz kenduko dituzue behingoz Ceuta eta Melillako “kontzertinak”?
Eskubide horien urraketari, lehen, kolonialismoa esaten zitzaion, eta historiak, azkenean, kondenatu egin zuen. Orain, Europako Batasuna atzera ekartzen ari da, eta Salvinik, Orbanek, Amanecer Doradok eta Voxek txalotu eta gorrotoa astintzen dute. Era berean, egunetik egunera nabarmenagoa da horixe dela Espainiako Gobernuak hautaturiko bidea. Une honetan ankerrenetakoa da EBren politika aplikatzeko orduan.
Bere nekropolitikaren baitan, erreskaterako ontzien lana eragozten du, hego muga esternalizatu du, «lehengusu marokoarraren» erresuma batere demokratikoari eginkizunik zikinena egin dezan ordaintzen dio, eta eskubideen aldeko ekintzaileen zein migratzaileei elkartasuna adierazteko erakundeen lana kriminalizatu egiten du.
Europan, justizia gehiago eta laguntza humanitario gutxiago behar dugu. Gezurrezko krisien kudeaketa gutxiago, eta pertsona orori eta edonon giza eskubideen aplikazio gehiago.
Horixe da hain zuzen, Euskal Herriko hainbat tokietan aldarrikatu dena maiatzaren 4-eta 5ean, Herrien eta pertsonen arteko besarkada ekintza europarrean.