Amaren Eguna dela eta whatsapp-etik batek baino gehiagok jasoko zenuten iragarkia, udaberria iritsi dela gogorarazten digun saltokiak egindakoa. Amei opariak egiteko berezi bila sortutako iragarkia ikusi ez duzuenontzat, haratx zer esaten duen: %97an gorputz eta arimaz aritzen bazara, %3ko berekoikeria baduzu eta %0,0 soilik kexatzen bazara izan zaitezke %100ean AMA.
Orain gutxi arte, publizistek argudiatzen zuten estereotipo sexistak erabiltzeak emaitza onak bermatzen zituela. Kanpaina hau sustatu dutenek oraindik ere sinesmen honekin dihardute, bestela hau ezin daiteke inondik inora ulertu. Antza, marketin morea eta feminismoa ez dute usaindu ere egin. "Jantziak" daude iragarki zeharo sexistak hedatzen.
Garai batean, Iruñeko bide guztiek "Corte Ingles"-era eramaten zutela esaten zen. Eskerrak, amatasunaren bide horiei muzin egin eta beste karrika batzuk erabiltzeko aukera ere badela. Besteen desio eta beharrei kasu egitea agintzen diguten ehuneko hori betetzen ez gara ahalegintzen, zorionez batek baino gehiagok berekoikerian %3a baino gehixeago dugu eta kexatzeko orduan hutsaren hurrengoan ez gara erortzen. Ni neu Jutta Bauer-en "Madrechillona" ipuinaren jarraitzaile amorratua naiz.
Eskerrak salgai jartzen diguten "kontu" horretaz gain, gaurkotasun eta aldarrikapen handiagoko mezuak ere iristen zaizkigun whatsapp-era. Esaterako, "Kontu bete poltsa", Sare Herritarra Elkarteak emakumea eta espetxearen inguruan osatutako ikus-entzunezkoa. Bertan jorratzen da espetxean erreproduzitzen den sistema patriarkalak duen eragina, preso dauden emakumeengan zein kanpoan diren senide eta lagunengan eragiten duena. Egitasmo horrek, beste zenbait gaiez gain, ama izatearen "karga" arintzeko urratsak ematen ditu, saltokiko iragarkiak ez bezala, "ama ona" beste modu batera ulertzen has gaitezen. Iragarki matxistan ageri diren "emakumeei ezarritako mandatuen" ehunekoak guztion artean konpartitzeko eta erantzunkidetasuna sortzeko bidean sartzeko.
Einsteinek esan omen zuen errazagoa dela atomo bat desegitea aurreiritzi bat baino. Horregatik, gauzak errazak ez direla jakin arren, temati eta kaxkagor jarraitu beharko dugu, aurreiritzi-, estereotipo- eta rol-atomo matxistak desegiten.