Aldabideko Baztarrika, Lakuntza eta Gorrotxategi txapeldun

Guaixe 2019ko mai. 8a, 11:01

Baztarrikak eta Lakuntzak haurren mailan Tafallako Udaberri txapelketa eta Elizondoko Udaberri txapelketa irabazi zuten eta Gorrotxategik eta Iriartek kadeteen mailako Elizondoko Udaberri txapelketa

Asteburuan makina bat pilota txapelketa jokatu dira. Tartean, larunbatean Tafallako Udaberri Txapelketako finalak jokatu ziren, eta Arbizuko Aldabide klubeko Hasier Baztarrika eta Xabier Lakuntza haurren mailako txapeldunak izan ziren, finalean Irurtzun klubeko Imaz eta Markina mendean hartu eta gero.


Hurrengo egunean, igandean, Aldabideko Baztarrikak eta Lakuntzak Elizondoko Udaberriko Txapelketako finalak jokatu zituzten eta beste txapela bat ekarri zuten Sakanara, haurren mailako finalean Burlatako Urmeneta eta Salcedo 5 tantotan utzi eta gero. Txapelketa horretan beste txapela bat lortu zuen Aldabide klubeko Ioritz Gorrotxategik. Larraun klubeko Oinatz Iriarterekin bikoa osatu eta kadeteen mailako finalean 18 eta 6 irabazi zieten Beasain-Azpeitia klubetako Olanori eta Labakari.

Txapeldunak, pozik, euren entrenatzaile Lino Arrutiri eta Jose Mari Berastegiri eskerrak eman nahi dizkiete, pilota sustatzeko eta pilotariak trebatzeko egiten duten lanagatik.