Lasterbidean lasterketa ate joka

Guaixe 2019ko mai. 8a, 12:10

Maiatzaren 19an jokatuko da Lasterbidean Nazio Elkartasun Lasterketa, Arbizu eta Lakuntza artean. Izena ematea zabalik dago eta Lakuntzan egingo den bazkari erraldoirako txartelak ere salgai daude

Maiatzaren 19an Arbizu eta Lakuntza artean jokatuko den Lasterbidean Nazio Elkartasun Lasterketaren 7. edizioa aurkeztu zuten larunbatean Lakuntzan. Aurretik, lasterketa luzeak izango duen ibilbidea, 7,4 km, osatu zituzten zenbait korrikalarik. Aurkezpean, tartean, Alia Salinas eta Eneko Gaztelurrutia lasterketako antolatzaileak zeuden, Sakanako laguntzaile eta kolaboratzaileekin batera eta batia Etxarriko presoen senide Xochitl Karasatorre, Kontxi Goñi, Angelines Garziandia eta Felipe Karrera.

7,4 km edo 2,5 km
Lasterbidean herri lasterketa bat baino gehiago da. Euskal errepresaliatuen eta euren senideen eskubideen errespetua eta horren aldeko lana bulkatzeko beste ekimen bat da Lasterbidean. Lasterketari dagokionez, maiatzaren 19an, goizeko 9:00etan hasiko da antolakuntza dortsalak banatzen Arbizuko kiroldegian. 10:00etan zumba beroketa egonen da plazan, eta ondoren, goizeko 11:00etan abiatuko da lasterketa luzea (7,4 km), Arbizu eta Lakuntza artean prestatutako zirkuituan. 12:15ean 2,5 km-ko proba laburra abiatuko da. Ondoren, 13:00etan sari banaketa eta ekitaldi nagusia egingo dira Arbizuko plazan, eta ondoren bildutakoak kalejiran joango dira Lakuntzara, han 800 pertsonendako bazkari erraldoia eskainiko baita pilotalekuan. Ondoren, jai giroarekin jarraitzeko, zirko erakustaldia, herri kirolak eta kontzertuak (Alkarajo, Anita Parker, DJ Bull).

Izena emateko eta bazkarirako txartelak erosteko
Lasterbidean proban parte hartzeko izena ematea zabalik dago www.lasterbidean.eus edo www.kirolprobak.com web guneetan. Inskripzioa 15 eurokoa da, eta inskripzioa eta bazkaria, 30 euro. Soilik pertsona batek korrika egiten badu baina familia edo lagunekin bazkaldu nahi badu, ondoko aukerak daude: inskripzioa + birendako bazkaria 45 euro, inskripzioa +3rendako bazkaria 60 euro, inskripzioa +4 lagunendako bazkaria 75 euro eta inskripzioa + 5 lagunendako bazkaria 90 euro. Probaren egunean izena ematen dutenek 17 euro ordaindu beharko dituzte inskripzioagatik.  

Bestalde, 2,5 kilometroko lasterketa herrikoian izena emateko –proba hau ez da kronometratuko– izena emateak egunean bertan egin beharko dira, 3 eurotan. Antolakuntzatik adierazi dute bazkarirako txartelak ere salgai daudela 15 eurotan, Arbizuko Aralar Tabernan, Lakuntzako Apur Ogi Berrin, Etxarri Aranazko Xapateron, Altsasuko Biltokin, Iruñeko Herrikoan, Gasteizko Txapelarrin eta Bilboko Errondabideko herrikoan. Egunean bertan txartelak soberan badira, salgai jarriko dira.

Boluntarioak
Bestalde, lasterketa antolatzen –bidegurutzeetan eta beste egoteko– edo bazkari erraldoia prestatzen eta zerbitzatzen lagundu nahi duten boluntario guztiak antolatzaileekin harremanetan jar daitezela azaldu dute antolakuntzatik.