Iratxe Lapuenteren zilarrezko domina

Guaixe 2019ko mai. 8a, 13:17

Haurren Espainiako Pistako Txapelketan Iratxe Lapuentek zilarrezko domina lortu zuen 500 m sprintean eta Maitane Igoak maila bikaina eman zuen

Asteburuan Valenciako Paiportako Udaleko patinodromoan haurren eta gazteen mailako Espainiako Pista Txapelketak eta kimuen mailako Kopa jokatu dira. Bertan Lagunak taldean dabiltzan bi irristalari sakandar aritu ziren, Iratxe Lapuente Perez ziordiarra eta Maitane Igoa Lopez de Agileta etxarriarra, biak haurren mailakoak.

Haurren emakumezkoen mailako 74 irristalarien artean lan bikaina egin zuten sakandarrek. Maitane Igoa 6.a sailkatu zen 500 m sprintean; 10.a izan zen 5.000 m kanporaketan; 14.a izan zen 200 m erlojupekoan eta 34.a 3.000 puntutan. Finean, txapelketako sailkapen orokorrean 12. postua lortu zuen eta Nafarroako bigarren irristalari onena izan zen. Eta Iratxe Lapuente bigarrena sailkatu zen 500 m esprintean eta zilarrezko domina jaso zuen; bosgarrena izan zen 200 m erlojupekoan, 24.a sailkatu zen 5.000 m kanporaketan eta 27.a 3.000 puntutan. Txapelketako sailkapen orokorrean 9.a sailkatu zen eta irristalari nafar onena izan zen haurren mailan.

Bestalde, maiatzaren 1ean Txantrea Trofeoa jokatu zen eta Asier Agirre Aldaz olaztiarra hirugarrena sailkatu zen aurrebenjaminen gizonezkoen mailan. Tamalez, Ioseba Fernandezek ez zuen munduko abiadazko bueltako errekorra gainditzea lortu, 14,369 segundoko lana egin eta gero.

Asteburuan Nafarroako Zirkuitu Txapelketa Antoniuttin
Larunbatean eta igandean Nafarroako Zirkuitu Txapelketa jokatuko da berritu berri den Antoniuttiko Zirkuituan, kimuen kategoriatik hasita seniorretaraino. Han ariko dira gure irristalari sakandarrak.