60 mendizale XI. Arakilgo Mendi Martxan

Guaixe 2019ko mai. 8a, 14:30

Satrustegitik abiatuta, Jokin Lanz historialariarekin bailarako historia ezagutu eta inguruneko txoko ederrak ezagutzeko aukera izan zuten. Bukaeran bazkaltzera bildu eta Satrustegiko txondorraren inguruko laburmetraia ikusteko aukera izan zuten

Larunbatean Arakilgo Udalak antolatutako XI. Arakilgo Mendi Martxan 60 mendizale inguruk hartu zuten parte, arakildarrak gehienak, baina baita Irurtzungo eta Sakanako gainontzeko herrietako jendea ere. Satrustegitik atera eta Beramako dermioan lehen geldiunea egin zuten mendizaleek. Bertan, Jokin Lanz historialariak bailarako historia eta despoblatuen inguruko azalpenak eman zituen.

Ondoren, Beramako ermitan, Arakil eta Sakanako historiaz ikertutako zenbait pasadizoren berri eman zuen zuen Lanzek. Ibilbidean barna Martijaren borda eta Arruteko harkaitz eta kobazuloak ezagutzeko aukera izan zen, eta bukaeran, Satrustegin egindako txondorrean, txondorra egiteko prozesuaren berri hitz egin zuten Martinek eta Igorrek. Eguna borobiltzeko ia 50 pertsona bildu ziren Satrustegiko Astamendi elkartean bazkaltzera eta, ondoren, Aitor Abregok eta Irune Martinezek Satrustegiko txondorrari buruz egindako laburmetraia ikusteko aukera egon zen.