Maravillas okupazioagatik lau sakandar epaitegira

Guaixe 2019ko mai. 9a, 09:18
Maravillas gaztetxearen husteak salatu eta auzipetuei elkartasuna adierazteko manifestazioa egin zen Altsasun ostiralean.

Iruñeko Justizia Jauregian 10:00etan hasiko da epaiketa. 09:00etatik auzitegiaren parean kontzentrazioa dago.

Iruñeko 4. zenbakidun Instrukzio Epaitegian 22 pertsonaren kontrako epaiketa hasiko da Iruñean gaur 10:00etan. 22en artean lau sakandar daude. Guztiei Iruñeko Nabarreria auzoan dagoen Rozalejo Markesaren Jauregiaren okupazioagatik eraikinaren usurpazio delitu arinari aurre egin beharko diote ikertuek. Gaztetxearen agorrilaren 17ko husteagatik daude epaituta. Euren defentsak, besteak beste, argudiatuko dute hustearen momentuan identifikatuak izateak ez duela esan nahi okupazioan parte hartu zutenik. Auzipetuak zigortuak balira 600 eta 1.800 euro arteko isunei aurre egin beharko liokete.

Maravillas gaztetxearen husteagatik zigorra jaso dezaketen sakandar bakarrak ez dira izanen gaur epaitutako lauak. Ilbeltzaren 8ko husteagatik protesta egiteagatik errepide mozketa transfeministan parte hartu zuten hiru sakandarrek Mozal Legearen aplikazioagatik isunak jaso ditzakete. Maravillas gaztetxearen bi husteengatik guztira 82 pertsona daude isuna jasotzeko arriskuarekin. Guztira 109.160 euro lirateke. Isunei aurre egiteko hainbat ekimen egin ari dira. Hurrengoa asteburuan izanen da, Iturmendiko San Migel festetan, Aritzaga elkartea hartu dute gazteek eta taberna gisa zabalduko dute. Irabaziak isunak ordaintzera bideratuko dituzte.