Gazteen Urteko Eskalada topaketa Etxarri Aranatzen

Guaixe 2019ko mai. 9a, 10:49

Asteburuan izanen da, Etxarri Aranazko kanpinean. Bestalde, Mank-ek maiatzaren 24tik 27ra antolatu duen eskalada hobekuntza ikastarorako izena ematea zabalik dago


Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioak Gazteen Urteko Eskalada Topaketa antolatu du asteburuan, maiatzaren 10tik 12ra Etxarri Aranatzen, Nafarroako Mendi Federazioko eta beste lurraldeetako federatuei begira. 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eman ahalko dute izena topaketa hauetan, eta eskaladan aritzen diren kirolariendako ondoko jarduerak antolatu dituzte: eskalada tutoretzapean, eskiak konpontzeko tailerra, aseguru mugikorrak jartzeko tailerra eta materiala probatzeko aukera. 

Antolatzaileek nabarmendu dute topaketa hau ez dela eskaladako hastapen ikastaro bat, kirolari bakoitzak autonomoa behar duela izan eta bere materiala eraman behar duela. Prezioa 25 eurokoa da Nafarroako Mendi Eskalada Federazioko kideendako, eta prezioan daude 2 gau erdi pentsioan, jarduerak eta oparitxoren bat. Hitzordua maiatzaren 10ean jarri dute Etxarri Aranazko kanpinean, 19:30ean. 

Izena emateko azken eguna gaurkoa da, www.mendizmendi.com web gunean. Dagoeneko 23 gaztek osatu dute inskripzioa.

Mank-eko ikastaroan izena ematea zabalik
Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak eskalada hobekuntza ikastaroa antolatu du maiatzaren 24an, 18:00etatik 20:00etara Sakanako Mankomunitateko egoitzan, Lakuntzan (teorikoa) eta maiatzaren 25ean eta 26an Uharte Arakilen edo Eginon (praktikoa). 14 urtetik gorako gazteek eman ahalko dute izena, maiatzaren 13a baino lehen, Mank-eko kirol zerbitzuan (948464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Izena ematea taldea bete ahala itxiko da.