Etxeberria eta Aramendia Bidasoako Itzulian

Etxeberria eta Aramendia Bidasoako Itzulian

Atzo hasi zen eta larunbatean despedituko da afizionatuen Bidasoako Itzulia. 20 talde ari dira lehian eta bi sakandar, Josu Etxeberria (Rural Kutxa-Seguros RGA) eta Eneko Aramendia (Laboral Kutxa) iturmendiarrak

Afizionatuen mailako tropel garrantzitsuena atzo hasi eta larunbatean despedituko den Bidasoako Itzulian ari da parte hartzen. Nazioarte mailako 20 talde dira aurten lehian daudenak, tartean Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarra. Eta atzoko etapa bukatu zuten 138 txirrindularien artean bi sakandar ditugu, Josu Etxeberria (Rural Kutxa-Seguros RGA) eta Eneko Aramendia (Laboral Kutxa) iturmendiarrak.

Atzoko etapa Irunen hasi eta IriSarri Landen despeditu zen (104,2 km), eta 3. mailako Ziga gaindituta, etapa bukaera 3. mailako IrriSarri Land gainean zegoen. Etapa gorabeheratsuan, Kometa Cycling Team taldeko Alejandro Ropero iritsi zen bakarrik helmugara (2:20:54). Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko lehendabiziko txirrindularia Carmelo Urbano izan zen, helmugan seigarrena, 9 segundora. Aurten afizionatuetan debutatu duen bere taldekide Josu Etxeberria iturmendiarra 38.a iritsi zen, 44 segundora, eta aurten Laboral Kutxa Goierriko Txirrindularitzara joan den Eneko Aramendia iturmendiarra 46.a sartu zen, 56 segundora.

Gaur Hondarribian hasi eta despedituko den etapa dute jokoan txirrindulariek (128,8 km), eta tartean 3. mailako Ziga eta lehen mailako Jaizkibel gainditu beharko dituzte. Bihar, ostiralean, Hendaian hasi, Urdazubitik pasa eta Urdaxen despedituko den etapa erabakiko da (134,8 km), 2. mailako Saldias eta Gorostieta portuak eta 3. mailako Belate, Ziga eta Otsondo portuak izanen dituena, eta azken etapa larunbatean jokatuko da, Irunen hasi eta despedituko dena (77 km), lehen mailako Aritxulegi eta Agina portuak pasata, 2. mailako San Martzial eta lehen mailako Erlaitz  gainditu beharko dituena.