Sakana Trenaren Alde, AHTrik ez! plataformak Gasteizen hilaren 18an eginen den manifestazioarekin bat egin eta sakandarrak hartan parte hartzera deitu du. Mobilizazio horretan egungo tren zerbitzua hobetzearen alde eta Abiadura Handiko Tren (AHT) egitasmoaren kontra eginen da. Joan-etorria errazteko plataformak autobusa antolatu du, 11:00etan Irurtzundik abiatu eta herriz herri pasako dena Gasteizera joateko. Garraio publikoan manifestaziora joan nahi dutenek ohiko tokietan eman dezakete izena hilaren 16ra arte.
Manifestazioaren ondoren, Gasteizen AHTren kontrako gunea antolatu dute Arabako plataformek. 14:30etik aurrera herri bazkaria, haurrendako gunea eta kontzertuak izanen dira. Bazkarian izena eman nahi dutenek 649 092 105 edo 616 013 776 telefonoetara hots egin dezakete asteazkena baino lehen (helduek 15 euro, haurrek 7). Guneko egitaraua despeditu ondoren, 20:30ean, bueltako autobusa aterako da.