Gazte txokoen topaketa bulkatu dute gaztetxoek

Guaixe 2019ko mai. 10a, 11:18
Bost gazte txokoetako ordezkariak izan ziren aurkezpenean.

Larunbatean, 17:00etatik aurrera Sakanako Gazte txokoen Topaketa eginen da. Irurtzungo, Arbizuko, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olatzagutiko 11 eta 17 urteko gaztetxoak elkartuko dira.

Sakanako Gazte txokoen eguna ospatzeko ideia “Arbizuko gaztetxokoak aurten daukan indarrarekin, eta gaztetxoen indarrarekin, haiengandik atera da ideia. Sakanako gazte txokoen berri bazuten, baina gertuko herriak kenduta, ez zuten jendea ezagutzen. Eta gazte txokoak elkartzeko egun bat egitea proposatu ziguten, beraien artean denbora partekatzeko”. Nahia Urkia Ihabar Arbizuko begiralearen azalpena da. Ideia lur emankorrean hazi da. Hala ere, Urkiak gogorarazi du Altsasun halako zerbait egiteko asmoa bazegoela, baina ibarreko herrietan ez zegoen gazte txokorik.

Mikel Azkargorta Boalek, Olatzagutiko alkateak, “Sakana guztiko gazte txokoen elkarlanaren, hori posible egin duten guztien lanaren eta Sakanako ikuspegiaren” balioa nabarmendu zuen. Azpimarratu zuenez, “elkarlanak plus positibo bat ematen dio, kasu honetan ibarreko gaztetxoak elkar ezagutzeko. Harremanak sortzeko aukera paregabea da larunbateko topaketa”. Eta gogorarazi zuen aurretik ere izan direla elkarlan esperientziak: “Kukai dantza taldearen emanaldia denen artean antolatzea edo Dantzaz oholtzara proiektua ere hainbat udalek elkarlanean martxan jarri genuen”.   



Antolaketaz
Arbizuko begiraleek ideia egingarria zela ikusi zuten eta hori antolatzen hasteko ate joka hasi ziren. Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Zerbitzuaren, Begoña Zestau Baraibarren atea jo zuten lehenik: “gaztetxo adin desberdina dugu herrietan, herrietako errealitatea desberdina da eta gizarte- eta kultur-aniztasuna dugu”. Zestau Sakanako hiru Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri zen, prebentzio programetako arduradunekin hain zuzen. Haien eskutik jaso zuten udal ordezkariek eta gazteria eta kultur teknikariek Sakanako Gazte txoko eguna antolatzeko proposamena.

Ideia forma hartzen hasi zen eta bost gazte txokoetako begiraleak eguna sortzeko lanean jarri ziren. Gaztetxoek ere egunaren prestaketan ere parte hartu zuten. Hala ere, Saioa Baztanek argitu duenez, “gazteen nahiak Altsasuko gazte txokoan ditugun materialekin bateratuta” sortu dute egitaraua. Eginen den ginkanan gaztetxoek lortutako materiala erabiliko da, “dena erosia ez izateko. Haiek pixka bat pentsatzeko eta parte hartzeko. Makilekin edo birziklatutako materialekin jolasak sortzeko”. Urkiak gaineratu duenez, “ideia gaztetxoetatik sortu da eta haien ardura ere bada bertan esku hartzea. Ikaste prozesu bat da”. Horregatik, gaztetxoek eurek arduratu behar izan dute Altsasura joateko garraiobidea lortzeaz.

Urkiak azaldu duenez, “espero dezagun luze irautea”. Baztanek gaztetxoak “proiektu berri horretan parte hartzera” animatu ditu. Begiraleak gaineratu zuenez, “espero dugu proiektu hau pitteka-pitteka handitzen joatea eta luzarorako izatea”.

Egitaraua
17:00etatik 21:00etara
Billar, ping-pong eta futbolin txapelketak. Parte hartzea libre.
Ondoren, Ginkana erraldoia Altsasun barna. Ginkanan argazki lehiaketa izanen da. Eta hainbat jolasekin bateratuko da.
Tailerrak: slime eta dantza. Parte hartzea libre.
Arratsaldean zehar musika egonen da.
Despeditzeko Altsasuko Dj Brianekin disko-festa eta auzatea.


Herriz herri


Irurtzun
Jatorria:
2011. urtean zabaldu zen gazte txokoa, 12-15 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdirako eskaintzan zegoen hutsunea betetzeko.

Kokapena:
Gazte txokoa Larraun kaleko lehengo zenbakian dago, liburutegiaren ondoan

Egutegia eta ordutegia:
Lastailetik maiatzera bitarte zabaltzen da, ostiraletan eta larunbatetan, 17:00etatik 20:00etara eta eskolako opor egunetan 17:00etatik 20:00etara.

Nori zuzenduta:
12 eta 15 urte bitarteko gazteei eskainita dago. Irurtzun eta inguruko herrietako gaztetxoak joaten dira.

Helburu nagusia:
Gaztetxoen artean errespetuzko eta berdintasunean oinarritutako harremanak sustatzea, aisialdian parte hartzea bultzatzea eta kontsumo arduratsua bultzatzea, guzti hori espazio ziur batetan.

Erabiltzaile kopurua:
Ikasturte honetan 86 erabiltzaile daude.

Zer egiten dute:
Gaztetxokoa gaztetxoen arteko topaketarako espazioa da, aisialdiaz elkarrekin gozatzeko gunea.
Bertan arteto zabal bat dago eta aukera desberdinak daude: mahai jolasak, ping pong, futbolina, ordenagailuak, play station, eskulanak egiteko mahaiak, chill out txokoa eta ispilua.
Horretaz aparte, ikasturte hasieran inkesta bat pasatzen diegu gaztetxoei egin nahi dituzten ekintzak erabakitzeko: sukaldaritza, eskalada, irteerak, tailerrak… Ikasturte osoan zehar proposamenak egin ditzakete.

Funtzionatzeko era:
Bi begirale aritzen dira gazte txokoan lanean eta ordutegitik kanpo oso estua da Gizarte Zerbitzuekin duten elkarlana eta koordinazioa. Ikasturte hasieran gaztetxoei inkesta bat pasatzen dieten euren lehentasunak zein diren adieraz ditzaten.


Arbizu
Jatorria:
2016-2017 ikasturtean jarri zen martxan. Udaletik atera zen ideia. Cederna-Garalurren diru-laguntza jaso zuen. 11-14 urteko gaztetxoendako zerbitzu publikorik ez zegoen eta erantzuna emateko sortu zen. Hiru urteko eskarmentua du eta erantzuna “oso positiboa izan da. Geroz eta lan gehiago egiten dugu. Gaztetxoe parte hartzea geroz eta handiagoa da”.

Kokapena:
Kattuka haur eskolaren azpian. 


Egutegia eta ordutegia:
Larunbatean eta igandean, 17:00etatik 20:00etara, lastailetik maiatzera.

Nori zuzenduta:
11-14 urteko gaztetxoei.

Funtzionatzeko era:
Gaztetxoen, begiraleen eta udalaren esku hartzearen bidez bideratzen da.  



Etxarri Aranatz
Jatorria:
Gaztetxoendako aisialdirako eskaintzan zegoen aspaldiko hutsunea betetzeko 2015ean sortu zen. Bi zerbitzuen elkarlanetik sortu zen: Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen prebentzio programa eta Udaleko Kultur, Kirol eta Gazteria Zerbitzua. Bien artean proiektua aurrera atera zen.

Kokapena:
Maisu-maistrena zen eraikinean. Bi eremu eder dauzka: jolaslekua eta sukaldea alde batetik eta, bestetik, lasai egotekoa.

Egutegia eta ordutegia:
Lastailetik garagarrilera arteko larunbatetan 17:00etatik 21:00etara eta igandeetan 16:30etik 20:30era zabaltzen ditu ateak.

Nori zuzenduta:
12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago.

Helburu nagusia:
Gaztetxoei espazioa ematea hainbat balore, hezkuntza proiektu eta prebentzio programa lantzeko. Bide batez, gozatzeko eta espazio bat emateko.

Erabiltzaile kopurua:
Urtero 30etik gora neska-mutil biltzen ditu urtero.



Altsasu
Jatorria:
Juan Manuel Herreroren eta Antxon Ramirezen (Gazteria Batzordeko burua) elkarrizketa baten ondoren 1994an udalak gazteria animatzailea kontratatu zuen. Herrero izan zen animatzailea. 2002ko apirilean gazteria teknikari bilakatu zen postua eta Olatz Berastegik hartu zuen ardura 2005eko lastailera arte. Ordutik 2006ko garilaren 16ra arte teknikari postua hutsik egon zen. Hurrengo egunean Blanki Torres hasi zen teknikari lanetan, lanaldi osorik gabe. Urte baten buruan lanaldi osoa izanen du. Gazte txokoa 2007ko lastailean sortu zen. Altsasuko Udalak Gazteria Saila eta harendako aurrekontua ditu.

Kokapena:
Hasiera batean Gure Etxea eraikinean zegoen. 2010Eko lastailaren 9az geroztik Intxostiapunta eraikinean dago, Gaztegune (18-30 urte) eta Gazte Informazio Gunearekin batera (12-30 urte).

Egutegia eta ordutegia:
Astelehenetik ostegunera 17:00etatik 21:00etara, ostiraletan eta larunbatetan 17:00etatik 22:00etara eta domeketan eta jai egunetan 17:00etatik 21:00etara. Ekintza bereziak daudenean 17:00etatik 01:00etara.

Nori zuzenduta:
12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoei zerbitzua ematen die.

Helburu nagusia:
Gaitasunak garatzea, integrazioa eta gozamena bulkatzea eta parte hartzea, nesken eta mutilen arteko harremanak eta tratu onak garatzea, kontsumo arduratsua bulkatzea, dena esparru ziur batean eta heziketa formala ez den arloan.

Erabiltzaile kopurua:
Gaur egun 717 bazkide ditu. Azken urtea 95 izen emate izan ditu.

Zer egiten dugu:
Lagunekin elkartu eta gustu eta zaletasun berberak dituzten pertsonak ezagutzeko espazioa da. Gaztetxoek nahi duten eran eta nahi duten lagunekin disfrutatzeko eskaintzen zaien espazioa da. Tailer eta ikastaroak eskaintzen ditu, beti ere, gaztetxoen gustu eta beharretara egokituta. Haien eskaeren arabera antolatzen dira tailerrak. Gaztetxoendako eta taldeendako hainbat espazio dituzte erabilgarri, gogoko dituzten proiektuak martxan jartzeko edo jardueraren bat bertan egiteko. Eraikinena sexu-aholkularitza eskaintzen da eta gaztetxoek han euren kezkak argitzeko aukera izanen dute. Ziber gela eta wifia daude. Ikasgela ere. Sukaldea eta musika-entsegu gelak erabilgarri daude. Eta aretoak eta materialak gaztetxoen esku uzten dituzte. Gazteendako informazio bulegoa ere badago. Azkenik, Erasmus+ programari buruzko argibideak ematen dituzte.

Funtzionatzeko era:
Hiru begirale daude udalaren plantilla organikoan.


Olatzagutia
Jatorria:
2018an sortu zen. Bigarren urtea du martxan. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta kultur koordinatzailea elkarlanean abiarazi zuten gazte-txokoa, 12 eta 16 urte arteko gaztetxoendako zegoen eskaintza hutsunea betetzeko. Aurreneko urtea martxa ona izan zuenez, dagoeneko udalak proiektu egonkortzat du gaztetxokoa.

Kokapena:
Akelarre ludotekan.

Egutegia eta ordutegia:
Lastailetik maiatzera zabaltzen ditu ateak, asteburutan. Ostiraletan 18:30etik 21:30era eta larunbatetan eta domeketan 17:00etatik 21:30era.

Nori zuzenduta:
12 eta 16 urte arteko gaztetxoei.

Helburu nagusia:
Besteak beste, gaztetxoak elkartzeko tokia eskaintzea. Haien gogoko ekimenak garatzeko espazioa eskaintzea.

Erabiltzaile kopurua:
50 gaztetxotik gora elkartzen dira.