Nafarroako Euskararen Legea 1986koa da. Han jasotzen da (24. artikulua) euskarazko irakaskuntza aukeratzen duen guztiak euskarazko irakaskuntza jasoko duela. Lege horrek Sakana eremu euskaldunean kokatu zuen. 1986ko udaberri hasieratik mobilizazio ugari egin ziren Sakanan Lanbide Heziketa (LH) eta Batxilergo Balioaniztun Bateratua (BBB) euskaraz izan zitezen. BBBko euskarazko ikasketak 1986-1987 ikasturtean hasi ziren. Baina ez LHkoak. D eredua ikasketa profesionaletara iristeko 32 urte itxaron behar izan dira: Erdi mailako Mendekotasun egoeran dauden pertsonendako arretarako teknikari ikasketak hasi dira ikasturte honetan. Bitartean, hasieran, ikasketa batzuetan A eredua zegoen, gero irakasle euskaldunek euskaraz zekiten ikasleekin ere hitz egin zuten.
Unibertsitatez kanpoko euskarazko irakaskuntza erregulatzen zuen 1988ko 159/88 Foru Dekretuan jasotzen zenez, irakaskuntza ertainean ikasgela bakoitzeko 25 ikasle behar ziren gutxienez. Zurgintzako ikasketak Nafarroa osoan soilik Altsasuko institutuak eskaintzen zituen orduan. 1992-1993 ikasturtean A ereduan 16 ikaslek eman zuten izena eta 10 D ereduan. 1993-1994 ikasturtean, berriz, A ereduan 18 eta D ereduan 10. Aipatutako ikasturtean zura ikasketetan 19 ordu eman ziren euskaraz astero. Hurrengoan, 11 ordu. Kopuruak behera egin zuen. Gainera, Nafarroako Gobernuak ez zuen irakasle elebidunak kontratatzeko erabakirik hartu: 5 euskaldun eta 22 erdaldun. 25 ikasleko kopurua lortu ez zenez ez zen D eredurik ezarri. Bitartean, euskarazko ikasketak eskaintzen zituen Aguraingo institutuan Sakanako 100 ikasle zeuden matrikulatuta. Sakanatik UPNko Hezkuntza Departamentuari leporatu zioten ikasle horien gastuei ez erreparatzea, berak gainetik gastu bat kentzea eta D ereduaren alde ez bustitzea.
Hilabete greban
Altsasuko institutuan 1993-1994 ikasturtean zurgintzako lehen ikasturtea euskaraz 8 ikaslek ikasi nahi zuten, bigarrenean 10ek (bi mailetan asteko 30 orduetatik 15 ordu zituzten euskaraz), elektrometaleko lehen mailan 4 (astean 30 ordutatik 6 euskaraz) eta bigarrenean 2 (astean 30 ordutatik 3 euskaraz). Ikasketak euskara hutsean egitea 20 ikaslek eskatu zuten. Javier Markotegi hezkuntza kontseilariak zioen zurgintzako ikasketak D ereduan eskatu zutenek ikasketen erdia euskaraz zutela eta elektrometalean % 20. Lanbide Heziketako ikasleek Altsasuko institutuan euskarazko irakaskuntza aldarrikatzeko mobilizazio ugari egin zituzten. Irailaren 30ean hasitako kurtsoa egunero ordu bateko geldialdia eginez hasi ziren. Baina berehala greba orokorra bilakatu zen. Ikasleak soilik euskarazko klaseetara joaten ziren. Institutuko gainontzeko ikasleek, elkartasunez, egunero bi orduko geldialdiak egin zituzten.
Altsasuko alkate Jose Manuel Goikoetxeak eta Sakanako Mankomunitateak ikasleen aldarrikapenarekin bat egin zuten. Lastailaren 19an 150 bat guraso LH institutuan elkartu ziren. Guraso Elkarteak salatu zuen gobernuak haien eskaerak ez zituela kontuan izan eta Jose Antonio Urtasun zuzendaria kritikatu zuten “argi ez adierazteagatik, ezta garaiz ere, kurtsoa D ereduko ikasketekin hasiko ote zen”. Eskola Kontseilua berehala biltzea exijitu zioten.
Altsasuko ferietan protesta egin ondoren, Ikasle Abertzaleak deituta euskarazko LH ikasketen aldeko protesta Iruñera eraman zuten lastailaren 21ean, Markotegik Parlamentuan azalpenak eman behar zituela baliatuz. Hainbat ikastetxek sakandarren eskaerekin bat egin eta manifestazio jendetsua egin zen. Kontseilariak argudiatu zuen ez zegoela nahikoa ikaslerik, populazio arazo bat zegoela. Eta ekonomia arazoa ere argudiatu zuen, zurgintza eta elektrometala euskaraz emateko beste bi irakasle kontratatu behar ziren. Altsasun D eredua ezartzeko eskatu zioten PSOEk, HBk, EAk eta IUk. Ia hilabete greban egon ondoren, lastailaren 25ean, ikasleak klasera bueltatu ziren. Hala ere mobilizazioekin segitzeko asmoa iragarri zuten.
Kronologia laburra
1986ko urtarrila bukaera LH eta BBB euskaraz ikastearen aldeko kanpaina hasi zen.
1986-03-02 Eskaera egiteko manifestazioa Altsasun.
1986-03-04 Sakandarrek eskaera Iruñeko Zientzia eta Hezkuntza Ministerioaren egoitzaren aurrera eraman zuten.
1986-03-21 BBBko eta LHko euskarazko ikasketak eskatzeko agerraldia egin zen Iruñeko Gaztelu plazan. Bitartean, Sakanako ordezkariek eta hezkuntza arduradunek bilera egin zuten.
1986ko irail akabera Euskarazko BBB ikasketak hasi ziren Altsasun. LHkoak ez.
1986-12-18 BBBko eta UBIko ikasleen itxialdia. Eskaeren artean “nafar guztiek erdi eta goi mailetan euskaraz ikasteko aukera izatea”.
1988-05-27 Altsasuko Udalak herriko LH institutuan euskarazko ikasketak eskatzeko mozioa onartu zuen. Gerora Sakanako Mankomunitateak eskaera bere egin zuen.
1989-01-20 Sakanako bederatzi udaletako ordezkariek Lanbide Heziketa institutuko egoera aztertzeko bilera egin zuten. Ikasketak euskaraz eskaintzeko beharra nabarmendu zuten.
1990-02-14 Roman Felones hezkuntza kontseilaria Altsasuko ikastetxeak bisitatu zituen. Udal ordezkariekin bildu zen eta haiek egindako eskaeretako bat LHko institutuan euskarazko adarra jartzea izan zen.
1992-06-22 LH institutuan euskarazko adarra eskatu zuten Mankomunitateko, udaletako, Guraso Elkarteetako eta ikastetxeetako ordezkariek.
1992-10-30 Altsasuko LHko Eskola Kontseiluan jakinarazi zen ikasgai batzuk euskaraz emanen zirela. Mank-ek euskarazko adarra aldarrikatzen segitu zuen.
1993-09-30 LHko ikasleak euskarazko ikasketak eskatzeko protestaldia hasi zuten.
1993-10-01 Iruñeko hezkuntza ordezkaritzaren aurrean agerraldia egin zuten LHko ikasleek.
1993-10-17 Feria eguna zela baliatuz, LHn euskarazko ikasketak eskatzeko manifestazioa egin zen.
1993-10-21 LHko ikasleen manifestazioa eta agerraldia Iruñean.
1993-10-25 LHko ikasleak klasera bueltatu ziren, baina mobilizazioekin segitzea erabaki zuten.
1994ko iraila Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zuen zurgintza ikasketak ez zirela euskaraz izanen gutxieneko matrikula kopurua (15) ez zegoelako.
1998-02-17 Sakanako Prestakuntza Batzordea Nafarroako Parlamentuan izan zen. Eskaeretako bat Altsasuko LHn ikasketa guztiak A eta D eredukoak izatea izan zen.
2000-04-07 LH institutu aurrean kontzentrazioa egin zen Euskal Herrian Euskarazek deituta. Heziketa profesionalean euskara baztertuta zegoela salatu zuten horrela.
2000-05-19 LHko Ikasle Abertzaleak eta Euskal Ikasleen Asanbladak euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu zuten. Ikastetxean ikasle kopuru handia euskalduna zela gaztigatu zuten. Eta salatu Hezkuntza Departamentuak ikasturte berrirako egindako irakasle plaza deialdian ez zuela euskara kontutan hartu.
2000-06-15 Sakanako Prestakuntza Batzordea Nafarroako Batzordean LHko irakasleen deialdi berriaz galdera egin zuen eta irakasle elebidunak eskatu zituen.
2000-06-30 Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak ez zuen onartu Altsasuko LH instituturako irakasleen plazak elebidunak izatea.
2002-10-18 Sortzen-Ikasbatuaz-eko ordezkariek Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin zuten eta, besteak beste, nabarmendu zuten Altsasuko LH institutuan ez zegoela euskarazko irakaskuntzarik.
2004-02-27 Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu zion LH institutuan euskarazko adarra jartzeko.
2004-05-25 LHko ikasleak ikastetxean euskaraz ikastearen alde agertu ziren. Eta hizkuntzen inguruan egindako inkesta baten berri eman zuten. Euskaraz zekitenen % 97,22-k euskaraz ikasteko aukera egonez gero, euskaraz ikasiko lukeela adierazi zuen.
2004-06-20 LHn euskaraz ikastea aldarrikatzeko 300 pertsonatik gora manifestazioa egin zuten.
2004-09-07 Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean ikasleen eta Mank-en ordezkariek LH institutuan D eredua jartzeko eskatu zuten.
2004-10-24 400 bat pertsonak LHn euskarazko ikasketak jartzearen aldeko manifestazioan parte hartu zuten.
2009-05-06 Carlos Perez-Nievas hezkuntza kontseilaria LH institutuan izan zen. Egin zizkioten eskaeretako bat euskarazko ikasketak ezartzearena izan zen.
2010-11-27 Euskal Herrian Euskarazek deituta Hizkuntza zapalkuntzaren aurrean, eskola euskalduna! leloa zuen manifestazioa egin zen. Besteak beste LH euskaraz ikastea eskatu zuen.
2011-02-24 Altsasuko Udalak aho batez Hezkuntza Departamentuari eskatu zion “Lanbide Heziketa institutuko gaur egungo eskaintza euskaraz egiteko aukera izatea eta egungo eskaintzaren azterketa sakona egitea”.
2011-11-18 Euskal Herrian Euskarazek ezabaketa kalejira deitu zuen. Besteak beste, Lanbide Heziketa institutuan euskarak bizi duen egoera kaxkarra salatu zuten.
2014-03-27 Ikasleen greba LOMCE eta bestelakoak salatzeko. Euskaraz ikasteko trabak ere salatu zituzten.
2016ko otsaila Sakana LH institutua 2016-2020 plan estrategikoa ontzen ari zen eta euskarazko ikasketen eskaerari erantzun beharra zutela argi zuten, nahiz eta erabakia euren esku ez zegoela jakin. Harremana euskaraz eskatzen zuten ikasle euskaldunekin euskaraz aritzen ziren irakasle euskaldunek.
2016-03-17 Ikasle Abertzaleak euskal hezkuntza eredu propioaren aldeko mobilizazioak deitu zituen. Besteak beste, euskarak LH ikasketetan bizi zuen egoera salatu zuen.
2016 LH institutuko Plan Estrategikoan jaso zen, besteak beste, ateratzen diren funtzionario plazek euskara eskakizuna izanen dutela, eta gaztelania eskakizuna duen funtzionarioren bat ikastetxetik joaten bada, gaztelaniazko plaza desagertu eta euskarazkoa sortuko dela.
2018ko iraila LHn Erdi mailako ziklo bat euskaraz ematen hasi ziren: Mendekotasun egoeran dauden pertsonendako arretarako teknikari ikasketak.