Euskarazko lehen zikloa Lanbide Heziketa institutuan

“Jendea laguntzea gustatzen zaigulako eta euskaraz zelako eman dugu izena”

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko mai. 10a, 09:10

Lander, Kai, Mara eta Goizane Lanbide Heziketan euskaraz ikasten ari dira.

Hamaika ikasle ari dira Mendekotasun egoeran dauden pertsonendako arretarako teknikari ikasketak egiten Sakana Lanbide Heziketa institutuan. Goizane Elizalde San Migel (Mendillorri), Lander Goñi Delas (Mendillorri), Kai Karasatorre Martinez (Etxarri Aranatz) eta Mara Martis Cerrillo (Ziordia) eta dira haietako lau eta euren esperientziaren berri eman digute.

Lehenik, Iruñetik Altsasura. Nolaz?
G. Zikloa euskaraz delako, eta Iruñean ez dutelako euskaraz eskaintzen.
L. Ni ere, hemen euskaraz zelako.

Zergatik eman zenuten izena ziklo honetan?
M. Jendea laguntzea gustatzen zaidalako.
K. Euskaraz zen, eta hori guztia. Jendeari laguntza ematea gustatzen zait. Gauza berria probatu nahi nuen. Hemen ikasten hasi nintzen, eta gustura.
L. Laguntza eskaintzeagatik. Eta, lehen esan bezala, euskaraz zelako.
G. Gauza bera. Erdi mailako zikloen artean nire gustuekin hobekien bat egiten duena da.

Noizbait mendekotasun egoeran dagoen pertsona bat zaintzea tokatu zaizue?
G. Ez.
L. Ez.
K. Zaintzea ez, baina entrenatzaile moduan, futbolean bai tokatu zaidala.
M. Ez.

Ikasketak espero zenutena izaten ari dira?
M. Ez. Pitta bat zailak, baina, beno.
K. Ez nuen espero horrela izatea. Baina uste nuena baino hobea da.
L. Nik, gutxi gorabehera, horrela espero nuen. Baina uste dut praktiketan gehiago ikasiko dugula.
G. Nik ez nuen horrela espero baina, horrela, bikaina iruditzen zait.

Zikloa bukatuta zer irteera profesional ikusten diozue?
G. Dexente daude. Beno, ospitaleetan uste dut ezin dugula, baina egoitzetan eta etxez etxeko laguntzan, horrelakoetan bai. Nik uste dut asko daudela.

Gainontzekoek zuen burua egoitzetan eta etxez etxe ikusten duzue?
L. Bai.
K. Nik gehiago txikiekin ikusten dut neure burua. Asko gustatzen zaidalako.
M. Ni bai, umeekin.



Non lan eginen zenukete gustura?
M. Ez dakit. Ikastola batean edo. Haien ingurunean.
K. Berdin, ikastola batean.
L. Ludoteketan, eta halakoak.
G. Nik nahiago dut agureekin umeekin edo nire adineko gazteekin baino.

Haurrekin ibili nahi duzuenok, baduzue zerbait buruan?
M. Haur hezkuntza egitea.
K. Nik gaur gauza bat esan dezaket, baina bihar beste bat. Oraingoz hau eginen dut. Eta gero ikusiko dut.
L. Kairen modukoa naiz. Baina Haur Hezkuntza edo Gizarte Integrazioa… Halako ikastaroak.

Adinduekin lan eginen duzula esan duzu, Goizane. Zein asmo?
G. Ikasten jarraitzea. Momentuz, Goi mailako ziklo bat egitea pentsatu dut. Oraindik ez dakit. Baina, agian, Haur Hezkuntza… nork daki. Momentuz hau, gero gerokoak.

Hilabete falta da ikasturtea bukatzeko. Denak gainditzeko asmoz?
M. Bai. Denak gainditzea eta beste ikasturtera pasatzea.

Gustura ikaskideekin?
K. Oso gustura, bai.

Euskaraz delako eman duzue izena zikloan. Baina zuen artean euskaraz hitz egiten duzue?
L. Klasean gutxi. Eta atsedenaldian-eta ez.

Zer da, ohituragatik?
G. Iruñean ez dugu ia euskaraz hitz egiten. Etxarrikoak eta Lizarragakoak diren bi ikasleak euren artean asko hitz egiten dute euskaraz. Guk ez. Eta Altsasukoek ezta.

Institutuan euskaldun mordoa dago. Pasabidera ateratzean edo atsedenaldian?
K. Azkenean, ni etxarriarra izanda euskaraz hitz egiteko ohitura dut. Baina altsasuarrak eta iruindarrak erdaraz hasten zaizkizunean, nahi gabe txipa aldatzen duzu, eta erdara ateratzen zaizu.  

Hori ere aldatuko da?
M. Bai.