Euskarazko lehen zikloa Lanbide Heziketa institutuan

Euskara ikasketa bat Lanbide Heziketan

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko mai. 10a, 08:49

Lanbide Heziketan euskarazko ziklo baten lehen ikasturtea despeditzear da: Mendekotasun egoeran dauden pertsonendako arretarako teknikari ikasketak. Horiek ikasturte honetan Sakanako Lanbide Heziketa institutuan dagoen berritasunetako bat. Ikasketa berriez hizketatzeko ziklo horretako irakasle diren Mireia Saez Bengoetxearekin eta Oihane Erro Piquerorekin elkartu gara.

Bien artean ematen duzue zikloko ikasketak?
M. Gurekin batera Amaia Lazkoz eta Amaia Oroz ari dira klaseak ematen.
O. Lau irakasle gara.

Zenbat ikasleri?
M. 11 ikasle. 8 neska eta 3 mutiko. Lehen urtea izateko oso zenbaki polita izan da, benetan.

Ikasketa hauek sortu berriak dira, edo aurretik gaztelaniaz zeuden?
O. Ez dira berriak, Nafarroan gaztelaniaz daude. Baina ikasturte honetan, hemen, Altsasun, euskaraz egiteko aukera jarri dute. Zikloa euskaraz, berria da. Baina gaztelaniaz bazegoen.

Ikasketa materiala bazegoen, beraz. Zuei dena itzultzea tokatu zaizue?
M. Egia esan hainbat liburu hartu ditugu eta gehien gustatzen zitzaiguna, batetik eta bestetik, dena itzultzen joan gara.

Itzultzen hastean beti hasten dira hiztegiarekin zalantzak. Hau nola esanen dugu? Eta bestea?
O. Gu Lanbide Heziketako irakasleak gara, ez itzultzaileak. Denbora asko eman dugu material guztiak itzultzen, liburu egokienak aukeratzen… Horrek nahikoa denbora kendu digu.
 
Hezkuntza Departamentutik laguntzaren bat eman dizuete?
M. Ez dugu ezagutu. Gure kontu ibili gara.

Mendekotasun egoeran dauden pertsonendako arretarako teknikari ikasketak. Baina, zer da mendekotasuna?
M. Mendekotasuna bide desberdinetatik etorri daiteke. Izan daiteke pertsona bat mendekotasun egoeran egotea jaiotzetik duen gaixotasun bategatik. Edo urteetan zehar sortutako zerbaitegatik. Istripuengatik ere sortzen da. Endekapenezkoa izan daiteke baita. Azkenean, pertsonari behar berriak sortzen zaizkio bere eguneroko bizitzan autonomia falta izatean.

Autonomia falta duten pertsonak laguntzeko teknikariak prestatu behar dituzue.
M. Hori da. Laguntza emateaz aparte, mendekotasun egoeran dagoen pertsona horrek berak parte hartzea sustatzen da. Ahaleginak egiten dira bera egoera horretan hobetzeko eta bera izateko bere bizitzako gidaria.

Ez dela soilik “mantentzea egitea autoari”.
M. Saiatzen gara beraiek ere euren bizitzaren jabe izaten. Tresnak, bitartekoak ematen zaizkio. Horrekin espero da bere bizia errazagoa egitea.

Tresna horiek emanda pauso handiak ematen dira pertsona horren egoeran, ezta?
M. Bai. Kristorenak, gainera. Izan daiteke komunikazioarekin harremana duena. Pertsona batek bat batean hizkuntza edo komunikatzeko gaitasuna galtzen badu, zuk jartzen badiozu bere kasurako aproposa den sistema bat… Piktografia taulak, azkenean, oso ezagunak eta baliagarriak dira dementzia-eta duten pertsonendako ere. Autismoarekin askotan erabiltzen da. Bide hori zabaldurik pitteka-pitteka pausoak ematen dira eta hiztegia zabaltzeko aukera suertatzen da. Eta komunikatzeko gaitasuna eskuratzen dute. Eta komunikazioan esaten dudan moduan, beste arloetan berdin.

Teknikariari mendekotasuna duen pertsonaren ezagutza eta familiak emandako informazioa baliagarria izanen zaio, ezta?
M. Hori da. Azkenean, teknikariak diziplina arteko talde baten barruan daude eta informazioa hartuko dute, bai familiatik, bai pertsonarengandik ere. Garrantzitsua delako pertsonari berari galdetzea bere egoeraren, interesen, beharren eta gaitasunen inguruan. Beste medikuekin, fisioterapeutarekin… harremanetan egonen da teknikaria, pertsonarendako plan on eta egokitua egiteko. Teknikaria pertsona horrekin denbora asko egonen denez, jarraipena eginen dio. Eta ebaluazioa. Lortutako informazio guztia erregistratuko du eta gainontzeko taldekideekin partekatuko du.



Ikasketei erreparatuko diogu. Zenbat urteko zikloa da?
O. Zikloak bi ikasturte ditu. Lehenengoa teorikoa da. Bigarren mailan martxoan despeditzen dituzte klaseak eta enpresetan praktikak egiten dituzte.

Aurten, beraz, gehiena teoria.
M. Gehienbat. Modulu batzuetan alde teorikoa eta gero hori praktikan jartzeko aukera badugu ere.

Ikasketak despedituta, zuen ikasle bat zer ikasita aterako da Sakana LH institututik?
O. Ziklo honekin lantzen dena da mendekotasun pertsona batek behar dituen arreta guztiak: soziala, osasuna eta psikologikoa. Pertsona horrek dituen behar horiek guztiak nola aurrera eraman ikasiko dute.

Osasun arloko zein prestakuntza jasoko dute?
O. Nik ematen diet osasun arreta. Gorputzak, organismoak nola funtzionatzen duen ikasten dute. Mendekotasun egoeran dagoen pertsona batek izan ditzakeen arazo guztiak. Esaterako: oxigenoterapia badu; botikak hartzen baditu, nola eman behar zaizkion; arnasteko zer edo zer behar badute, nola lagundu; posturak ohean, jarrera aldaketak nola egin…

Mugikortasunak bereak ditu, ez?
O. Bai. Nola pasa ohetik gurpildun aulkira. Nola lagundu mugikortasun arazo bat duen pertsona bat, pasieran nola lagundu… halakoak.

Hori ohikoena izan daiteke. Baina beste laguntza batzuk emateko trebatzen ari zarete ere. Zer da laguntza soziala?
M. Etxerako laguntza modulu bat dute. Hor erakusten zaiena da pertsonak autonomia murriztua daukala eta orduan beraiek teknikari gisa haiei laguntzen egon behar dutela. Etxean dauden behar guztietan laguntza ematen diete teknikariek, esaterako: janaria prestatzen, erosketak egiten, garbiketako gauzak egiten ere…

Udaletxean, osasun etxean, gizarte zerbitzuetan tramiteak egiten lagunduko diete?
M. Horrelakoak ere egiten dituzte.

Azkenik, arlo psikologikoa legoke.
O. Ikasten dute zahartzaroan dauden beharrak zein diren, haien ezaugarriak. Trebetasun sozialak ere lantzen dira. Komunikazioa…
M. Komunikatzeko zailtasunak dituzten pertsonei dauden sistema alternatibo eta handigarrien inguruko ezagutzak jasotzen dituzte, eta praktikara eramaten ditugu. Esaterako, zeinu hizkuntza, komunikatzeko piktografia taula. Oso baliagarria izaten da.

Ikasleak etxeetan edo erakundeetan lan egiteko trebatuta aterako dira, ezta?
O. Bietan, bai.

Batetik bestera desberdintasunik dago?
O. Etxe batean eta erakunde batean dauden beharrak desberdinak dira. Etxe batean, dena barne hartzen du, pertsona jaikitzen den momentutik oheratzen den arte. Teknikaria etxe horretan lan egiten egoten den denboraren arabera. Erakunde batean eginbeharrak desberdinak dira. Gehienbat laguntzaile moduan egotea da. Ez da bakarrik egonen, baizik eta jende gehiagorekin.

Erakunde batean aritzeko, lantaldean lan egiten ikasi beharko dute.
M. Garrantzitsua da taldean lan egitea. Etxe batean bakarrik egonen dira mendekotasuna duen pertsonarekin. Egoitzetan baldin badaude jakin behar dute taldean lan egiten. Hori oso garrantzitsua da.
O. Etxerako laguntza egiten dutenetan, kontratatu dituzten tokiaren arabera, badakite diziplina arteko talde baten barne egonen direla eta koordinazioak-eta egin beharko dituztela ere. Besteei jakinarazteko zer nolako beharrak edo aurrerapenak egin dituen pertsonak.  

Galdetu diezue ikasleei zergatik eman duten izena?
M. Batzuek interesa dute, benetan. Beste batzuena izan da bidean aurrera egin ahal izateko, Erdi mailako ziklo bat egiten dute eta gero askok kirol munduan sartu nahi dute, beste batzuek haurrenean. Baina benetan interesa azaltzen dute pertsonei laguntzen, pertsonekiko tratuan.

Zer moduz ikasturtea?
O. Lan asko egin dugu, eta egiten ari gara oraindik. Ziklo berri bat martxan jartzeak denbora asko eskatzen du. Baina oso kontent gaude. 11 ikasle ditugu. Talde polita da. Ttirriki-ttirriki zikloa martxan jartzen ari gara.  

Ikasleek aprobetxatu dute?
M. Benetan, talde ona daukagu. Interesa dutenez, parte hartzea eskertzen da, eta gure klaseak eramangarriagoak dira.

Lanbide Heziketako bereizgarria praktikak dira. Heldu den urtekoak lotuak dituzue?
O. Oraindik lotu gabe daude. Hurrengo ikasturtean guztia antolatuko dugu. Aurten bakarrik klaseak eta modulu batzuetan tailerra egiten dute. Ordu praktikoak dituzte.

Gainontzekoekin alderatuta, zuen kasuan tailerra berezia ere izanen da.
M. Osasun eta etxerako laguntzarako tailerrak ditugu. Osasunarekin erlazionatutako guztia, mobilizazioak egitea eta beste. Etxerako laguntzarako tailerrean lisatzearena, garbitzearena, janaria prestatzearena… batez ere horretan oinarritzen da.
O. Osasuneko tailerrean oraingoz artikulatutako bi ohe ditugu, mugitu daitezkeenak. Garabiak ere baditugu. Mobilizaziorako hainbat tresna: taka-takak, makuluak… Bi popin ditugu, simulazioak egiteko: pertsona baten higienea nola landu lantzen baitute, jarrera aldaketak… Hainbat osasun material. Bestetik, sukalde oso bat dugu.  
M. Sukaldean zerotik hasi da. Dena guk muntatu dugu. Guk egin dugu erosketa zerrenda. Aurrekontu bat aurrera eramaten ikasi dute. Horretan oinarrituta erosi ditugu bai produktuak bai tresnak eta dena. Janaria prestatzeko behar den guztia dugu. Lisatzeko taulak eta lisaburdinak ere bai. Lehorgailua. Garbigailua. Ontzi-garbigailua… Material dexente daukagu eta ikasleei aukera ematen die praktikan jartzeko, agian etxean arropa erretzeko arriskuagatik ez daukaten aukera hori hemen dute, ausartzen dira. Hemen ikasten ari dira.

Titulua eskutan non lan egiteko aukera izanen dute ikasleek?
O. Gehienbat egoitzetan lan egin dezakete, eta etxeetan ere bai. Mendekotasun egoera daukan pertsona bati arreta emateko teknikari gisa.

Administrazioaren deialdietara aurkezteko aukera izanen dute, ezta?
M. Zerrendak ateratzen direnean beraiek euren titulazioarekin lan egiteko aukera izanen dute.

Euskaraz ikasi bai. Baina klasean euskaraz hitz egiten dute?
O. Beno. Kostatzen zaie. Hor egon gara pixka bat saiatzen. Sakanako ikasle asko daude baina Iruñekoak diren ikasleak ere badaude. Egia da euskaraz badakitela baina, nik uste, institututik kanpo dituzten harremanetan ez dutela hainbeste euskara erabiltzen. Oso erraz pasatzen dira gaztelaniaz hitz egitera. Saiatzen gara hor pixka bat.
M. Batzuek aurreko ikasturteetan gaztelaniaz ikasi dute. Haiendako ere aldaketa izan da. Hori nabaritzen da.

Beste irakasleek institutuan euskara gehiago entzuten den edo ez esan dizuete?
O. Irakasleen artean, behintzat, bai. Euskaldunak gara eta gure artean euskaraz hitz egiten dugu. Ikasleak diren eskualdearen arabera nabaritzen da euskaraz gehiago edo gutxiago egiten dutela. Esaterako, Arbizu eta Etxarri Aranatz aldeko ikasleek euskara maila handiagoa dute.

Ikasturtea despeditzeko gutxi falta zaizue, ezta?
O. Azkeneko gauzak prestatzen ari gara. Hilabete falta zaigu. Azkeneko txanpa da.

Azterketa guztiak gaindituko dituzte?
M. Ia, ia. Hori espero dugu. Printzipioz ongi doaz, baina, sorpresak egion daitezke. Saiatzen jarraituko dugu.