Ezkurdiak eta Urrutik finalera pasatzea dute jokoan

Guaixe 2019ko mai. 10a, 12:02
Ezkurdia eta Urrutikoetxea, iazko lau t' erdiko material aukeraketan.

Buruz Buruko lehen finalerdia larunbatean jokatuko dute Joseba Ezkurdiak eta Mikel Urrutikoetxeak, Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1)

Joseba Ezkurdia da Buruz Burukoan bizirik dirauen pilotari nafar bakarra. Finalerdietan dauden beste hiru pilotarietatik bi bizkaitarrak dira, Zaratamoko Mikel Urrutikoetxea eta Danel Elezkano, eta hirugarrena gipuzkoarra, Aramako Iker Irribarria. Laurek asko dute jokoan asteburuan: ekainaren 2an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den Buruz Buruko finalean egotea. Beraz, beste asteburu pilotazale erakargarri baten aurrean daude.

Joseba Ezkurdiak Mikel Urrutikoetxea izango du aurkari larunbatean Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Ezkurdia larunbatean Labriten Erik Jaka arerio arriskutsua 22 eta 14 irabaztetik dator. Ezkurdiak aldea atera zuen hasieratik, Lizartzakoaren akatsak aprobetxatuz, baina tarteka Erik Jakak gorriak pasarazi zizkion; hala ere, une horietan ongi eusten eta sufritzen jakin zuen arbizuarrak eta finalerdietara pasatzea lortu zuen. Mikel Urrutikoetxeak, bestalde, bere bertsiorik onena erakutsi zuen igandean Bilbon eta Oinatz Bengoetxea 8 tantotan utzi zuen. Bizkaitarra azken sei Buruz Burukoetako bostetan finalerdietarako sailkatu da, eta nahiz eta azkenaldian lesioekin arazoak izan, oso kontuan hartzekoa da eta Ezkurdiak badaki partida oso ona egin beharko duela Urrutikoetxea gainditzeko.

Beste finalerdian Irribarria eta Elezkano II.a lehiatuko dira, igandean, 17:00etan, Eibarko Astelenan (ETB1). Beste finalaurreko estu bat aurreikusten da.