Etzi despedituko dira Sakanako Futbol Topaketak

Guaixe 2019ko mai. 10a, 09:33

Igandean, goizeko 9:00etatik aurrera, Mank-ek antolatutako Sakanako Futbol Topaketen azkeneko jardunaldia jokatuko da Altsasuko Dantzalekun

Sakanako Mankomunitateak Sakanako Futbol Topaketak antolatzen ditu, Sakanako futbol taldeen laguntzarekin, futbola sustatu eta neska-mutiko txikienei txapelketa batean parte hartzea ahalbideratzeko. Baina ez da txapelketa lehiakorra eta, horregatik, ez da sailkapenik egiten. Sakanako beste herrietako neska-mutikoekin futbolean arituz ongi pasatzea da asmoa, euren arteko harremana sustatzea.

Diplomak eta auzatea
Esan bezala, aurtengo topaketetako azken jarduna jokatuko da igandean Dantzalekun. Kimuen mailakoen partidak jokatuko dira lehenengo, goizeko 9:00etan hasita. Guztira 3 partida jokatuko dira. Ondoren, goizeko 11:00etatik aurrera, benjaminen mailakoen txanda izango da. Kasu honetan 4 partida jokatuko dira guztira. Bukatzerakoan, 13:15ean, topaketetan parte hartu dutenei diplomak banatuko dizkie antolakuntzak eta neska-mutiko guztiendako auzatea izango da.


Kimuak
Igandean, Dantzalekun
9:00    Urdiain – Tipi Tapa
10:00    Etxarri Aranatz 1 – Lagun Artea 07
10:00    Etxarri Aranatz A – Lagun Artea 08

Benjaminak
Igandean, Dantzalekun
11:00    Aralar Mendi – Altsasu A
11:00    Altsasu B – Urdiain
12:00    Altsasu C – Etxarri A
12:00    Sutegi – Etxarri 1