“AHT iraganeko kontua da”

Guaixe 2019ko mai. 13a, 12:13
Nafarroako plataformetako ordezkariak prentsaurrekoan. Argazkia: Sustrai Erakuntza fundazioa.

Abiadura Handiko Tren egitasmoaren kontra dauden plataformek alderdiei eskatu diete AHTri buruz duten iritzia hauteskundeetan jakinarazteko. Herritarrei Gasteizen larunbatean eginen den manifestazioan parte hartzera deitu diete.

Egungo trenbide azpiegiturak hobetzearen alde eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontra dauden Nafarroako plataformek, tartean Sakana Trenaren Alde, AHTrik ez!, agerraldia egin dute gaur. Aurreikusitako tren azpiegituren moduko “lan erraldoien garaiak iraganeko kontuak” direla adierazi dute, gaineratuz: “ezinbestekoa dela etorkizunari beste era batez heltzea”.  Europako Garraio Batzordearekin egindako bilera gogora ekarriz, nabarmendu dute AHTk soilik bidaiariak garraiatuko dituela eta Europako Batasunak Espainian AHT eraikitzeko diru-laguntzak murriztuko dituela.

AHT eraikitzeko lanak segitzen dutela eta, plataformetatik salatu dute estatua, Nafarroako hainbat alderdiren laguntzaz, “diru xahutze horretan tematuta segitzen” duela. Ziurtatu dutenez, “ez dago inongo txosten edo azterketarik ezagutzeko holako gastuaren eragina kontu publikoetan. Eta hori gutxi balitz, ingurumena eta lurraldea larriki kaltetzen dute, inongo errentagarritasun sozial, ingurumenezko edo ekonomikorik erakutsi gabe”. AHT eraikitzeak, besteak beste, Altsasuko tren geltokia desagerraraziko lukeela gaztigatu dute.

Horren aurrean euren proposamena da “egungo trenari eustea eta hobetzea. Tren soziala behar dugu herriak, hiriak eta industriaguneak lotzeko; merkantziak eta bidaiariak garraiatzeko; lurraldea trinkotzeko eskualdeak isolatu gabe; inor ez baztertzeko ekonomikoki, jendearen eskura jarriz”.

Alderdiei deia
Aurreko hauteskunde kanpainan “AHT-aren gaia oharkabean pasatu” delako “ zur eta lur” gelditu dira. Horregatik, “ez dugu ulertzen hau bezalako gai garrantzitsuak eztabaida zabalagorik ez sortzea, ezta alderdi politikoek horren inguruko planteamendu argirik ez aurkeztea ere. Uste dugu Nafarroako etorkizuna jokoan dagoela. Beraz, gai hau sakontasunez eztabaidatu beharra dago. Ezagutu nahi dugu, argi eta garbi, zein diren alderdi politikoen proposamenak Nafarroako tren garraioari buruz”.
Nahitaezkoa da herritarrek ezagutzea bizi dugun une kritikoa, non krisi ekonomikoarekin batera, zaintzaren, baloreen eta ingurumen krisiak eragiten ari diren. Hala ere, testuinguruaren larritasunari muzin eginez, hainbat botere politiko eta ekonomiko makroazpiegituren alde egiten ari dira ekonomia, ingurumena eta ondasun naturala kaltetuz. AHTaz gain, berriz ere azpiegitura berriak martxan jarri nahi dituzte. Esate baterako Muruarte - Itxaso goi-tentsioko linea, AHTa argindarraz hornitzeko erabiliko dena. Edo Castejongo zentral termiko ilegalak, horretarako behar den argindarra ekoiztuko dutena.

Aldi berean, ezinbestekotzat jo dute “herritarrek behar bezala baloratzea gobernuek hartzen dituzten erabakiak. Haien artean larria da une honetan ematen ari den ekonomia xahutzea AHT eraikitzeko Tafalla eta Erriberri aldean. Eskatu egiten dugu Nafarroan martxan dauden AHTaren lanak bertan behera uztea”. Azkenik, larunbatean, 12:30ean, Gasteizko San Anton plazatik abiatuko den Tren Soziala Bai, AHTrik Ez manifestazioan parte hartzera gonbidatu dute.