Mercero gogoan Iruñeko Maratoi Erdian

Guaixe 2019ko mai. 13a, 13:18

Beste Iruñako korrikalaria izandako Joxemari Mercero izan zuten gogoan atzo Iruñean jokatutako Maratoi Erdian. Haren senitartekoei omenezko aurreskua dantzatu zieten proba hasi baino lehen eta Beste Iruñako korrikalariek Merceroren argazkia zeramatzaten kamisetan

Duela gutxi utzi gintuen Joxemari Mercero korrikalari beteranoak. Oso estimatua zen Mercero, eta hori argi geratu zen atzo Iruñean jokatutako Iruñeko Hiria Maratoi Erdian. 700 korrikalari baino gehiagok hartu zuten parte Beste Iruña klubak antolatutako lasterketan, eta probari ekin baino lehen, antolakuntzak bere taldekide Mercero izan zuen gogoan. Unanuarraren senitartekoak bertan zirela –Mari emaztea, Paco anaia eta Ione eta Jose Mari seme alabak, Patxik ezin izan zuelako– ohorezko aurreskua eskaini zieten eta, ondoren, oroigarria eman zieten, korrikalari guztien txalo artean. Beste Iruña klubeko Merceroren taldekideek haren irudia zeramaten kamisetari atxikita, eta korrikalariek omenaldi onena egin zioten unanuarrari: zapatilak jantzi eta korrika egin.

Bi distantzia zeuden jokoan: 10 km-ko lasterketa eta Maratoi Erdia, 21 km-koa. 10 km-ko proba Merceroren taldekide batek irabazi zuen, Aitor Etxeberriak, bizkarrean Merceroren irudia zeramala (32:57), eta Mercerori eskaini zion garaipena. Emakumezkoetan Estela Navascues gailendu zen (35:05), eta Laura Bergera izan zen lehen sakandarra, helmugan 191.a (52:30). Maratoi erdiko irabazlea Jokin Muñoz (1:12:59) izan zen. Asier Estarriagak lan bikaina egin zuen eta 47.a sailkatu zen (1:28:46). Emakumezkoetan  Maider Leoz (1:21:44) gailendu zen.

Sakandarrak Iruñeko Maratoi Erdian
21 km
1.Jokin Muñoz     1:12:59
47.Asier Estarriaga    1:28:46
131.Patxi Martinez    1:38:09
303.Fernando Larrea    1:58:13

10 km
1.Aitor Etxeberria    32:57
191.Laura Bergera    52:30
272.Maite Duran        58:29

Argazkia: Javier Bergasa.