Sakanako Futbol Topaketei agur

Guaixe 2019ko mai. 16a, 11:33

Igandean despeditu ziren Sakanako Futbol Topaketak, benjaminek eta kimuek Dantzalekun jokatutako jardunaldiarekin. Bukatzerakoan, auzatea izan zen denendako eta futbolari guztiek diploma jaso zuten

Igande goizean Altsasuko Dantzaleku zelaia Sakanako futbolari gaztetxoenen festa bilakatu zen, aurtengo Sakanako Futbol Topaketen azken jardunaldia jokatu baitzen bertan. Jakina denez, Sakanako Mankomunitateak antolatzen ditu Sakanako Futbol Topaketak, Sakanako futbol kluben laguntzarekin, futbola sustatu eta neska-mutiko txikienei txapelketa batean parte hartzea ahalbideratzeko. Baina Sakanakoa ez da txapelketa lehiakorra eta, horregatik, ez da sailkapenik egiten. Sakanako beste herrietako neska-mutikoekin futbolean arituz ongi pasatzea da asmoa, euren arteko harremana sustatzea.

Igandean azken jardunaldia izan zen eta kimuen hiru partida eta benjaminen 4 partida jokatu ziren. Denboraldi honetan barna Uharte Arakilgo Aralar Mendi, Lakuntzako Lagun Artea, Etxarri Aranatz, Urdiain, Altsasu, Olaztiko Sutegi eta Beteluko taldeek hartu dute parte jardunaldietan.

Sakanako Mankomunitateko Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak azaldu duenez ʺgiro onean bukatu ziren topaketak, eguraldia ere lagun zela. Bukaeran diplomak banatu genizkien jokalari guztiei eta auzate osasuntsua eskaini genien. Bide batez, Sakanako Futbol Topaketak aurrera ateratzeko eskertzekoa da denboraldian zehar laguntzen gaituzten arbitroek, taldeek eta monitoreek egiten duten lana”.