Sakanako euskarazko hemeroteka Iruñean

Guaixe 2019ko mai. 15a, 19:25

Guaixe hilabetekariaren eta Oixe astekariaren ale zaharrak ikusteko aukera dago Iruñeko Geltoki gunean, autobus geltoki zaharrean, astegunetan 09:30etik gauera arte eta larunbatetan 11:00etatik iluntzera.

Iruñean bizi diren sakandarrek, eta nafarrek eta hiriburua bisitatzen dutenek ere, Guaixeren berri izateko aukera dute. Abenduan 25 urte beteko dira Guaixe hilabetekaria argitaratzen hasi zela. Hori dela eta, hemeroteka sakandarren esku uztea erabaki zuen Guaixe fundazioak. Hori egiteko erakusketa ibiltari bat prestatu du, Sakanako liburutegietan barna ibilbidea egin duena.

Propio prestatutako stand batean nabarmenduta, 1994 eta 2002. urteen artean argitaratu zen Guaixe hilabetekariaren eta 2001 eta 2003. urteen artean publikatu zen Oixe astekariaren aleak kontsulta daitezke. Oraingo honetan, esan bezala, Iruñeko Geltoki gunean. Iruindartutako sakandarrek, hiriburuan pasan daudenak, edo edozein bisitarik garai bateko kontuak, albisteak, janzkerak, orrazkerak eta bestelakoak gogoratzeko, edo ezagutzeko aukera izanen du.

Parte hartzeko gonbidapena  
Gerta daiteke orri pasa dagoena bere burua argazkiren batean ikustea edo bere izena aipatua izatea. Guaixe fundaziotik eskaera bikoitza. Batetik, alea hemerotekan uztea. Eta, bestetik, ale horren kopia bat nahiko balu fundazioarekin harremanetan jartzea eskertuko lioke. Alea opari jasoko du. Trukean gauza bakarra eskatuko dio fundazioak jasotako alearekin argazkia egitea eta sare sozialetan partekatzea #batzengaituena edota #Guaixe25 traolak erabilita.

Geltoki guneko standetik pasatzen direnek eskura dute photocall-a. Bakarren batek bere burua Guaixe edo Oixe zahar batean ikusi eta harekin argazkia egin nahi badu horretarako aukera ere badu. Aipatu traolekin sareetan ere zabaldu daiteke. Sakanako denboraren kapsula bisitatzeko gonbidapena luzatu du Guaixe fundazioak.

Egutegia


Liburutegia       Data 

Iruñea               Maiatzak 14 – Maiatzak 25


Irurtzun             Irailak 30 - Lastailak 11


Etxarri Aranatz Lastailak 14-25


Olatzagutia       Lastailak 28-Azaroak 8