Afizionatuen Iturmendi Trofeoa Lazkanorendako

Guaixe 2019ko mai. 14a, 16:15

Igandean Euskaldun Txapelketarako baliagarria zen VIII. Iturmendi Trofeoan lehiatu zen tropel afizionatua, aldi berean Nafarroako Errepideko Txapelketa zena. Rural Kutxako Oier Lazkanok irabazi zuen proba eta Victor Etxeberria elitea eta Migel Mugika 23 urtez azpikoa izan ziren Nafarroako txapeldunak

Afizionatuen mailako txirrindularitza lasterketa hartu zuen igandean Iturmendik, VIII. Iturmendi Trofeoa, Urbasa Txirrindularitza Klubak antolatutakoa. Lasterketa garrantzitsua zen, Euskaldun Torneorako baliagarria izateaz gain, aldi berean Nafarroako Errepideko Txapelketa zelako.

Iturmendi-Altsasu-Altamira-Olazti-Bakaiku eta Iturmendi artean 22,8 km-ko zirkuitua osatu zuen antolakuntzak eta zirkuitu horri 6 itzuli egin behar izan zizkioten txirrindulariek, guztira 136,8 km osatzeko. Lasterketa gorabeheratsu eta oso mugituan, ostiralean Bidasoako Itzuliko etapa irabazi zuen Rural Kutxa-Seguros RGA taldeko Oier Lazkano izan zen txapelduna (3:17:32). Segundo batera Baque taldeko Migel Angel Fernandez sartu zen eta hirugarrena Lazkanoren taldekide Andoni Lopez de Abetxuko izan zen, hau ere segundo batera. Sakandarrei dagokienez, Bidasoako Itzulitik bueltan zegoen Eneko Aramendia iturmendiarrak (Goierriko TB Laboral Kutxa) herriko lasterketan parte hartu nahi izan zuen eta 38.a sailkatu zen, 19 segundora. Bere taldekide Ailetz Lasa ziordiarra 40.a sartu zen, 40 segundora.

Nafarroako Errepideko Txapelketari dagokienez, elite mailako Nafarroako txapelduna Victor Etxeberria (Azkarrak) izan zen eta 23 urtez azpiko Nafarroako txapelduna Migel Mugika (Lizarte). Mendiko txapelketa Andoni Lopez de Abetxukorendako izan zen eta tartekako helmugena Julian Barrientosena (Rias Baixas). Taldeka Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarra izan zen onena, eta Goierriko TB-Laboral Kutxa hirugarrena izan zen. Asteburu oso gozoa izan du talde sakandarrak, Iturmendiko garaipenaz gain, Rural Kutxako Carmelo Urbanok Bidasoako Itzulia irabazi duelako.

Aramendia eta Etxeberria ongi Bidasoako Itzulian
Larunbatean despeditu zen afizionatuen mailako Bidasoako Itzulia, 4 eguneko itzulia. Esan bezala, Rural Kutxa-Seguros RGA talde sakandarreko Carmelo Urbanok irabazi zuen Bidasoako Itzulia (10:45:54) eta Mikel Mugika izan zen lehen euskalduna, 7. postuan, 1:30era. Itzulian aritu ziren bi sakandarrak txukun ibili ziren: Rural Kutxa talde sakandarreko Josu Etxeberria iturmendiarra 41.a sailkatu zen, 13:01era, eta Goierriko TB-Laboral Kutxako Eneko Aramendia iturmendiarra 65.a, 21:17ra.

Argazkia: Martin Early.