Amaia Razkin eta Ioana Lopez Irati Traileko podiumean

Guaixe 2019ko mai. 14a, 16:10
Irati Trail luzeko emakumezkoen podiuma, Oihana Kortazar buru dela. Amaia Razkin hirugarrena sailkatu zen.

Amaia Razkin hirugarren emakumea izan zen Irati Trailean (23 km) eta Ioana Lopez bigarren emakumea Irati Trail Motzean (13 km)

Atzera ere gure mendi korrikalariak primeran ibili dira asteburuan. Igandean Irati Trail lasterketa jokatu zen eremu ikusgarrian. Besteak beste Iratiko oihanean barna ibili ziren korrikalariak, eta ibaia gurutzatu behar izan zuten. Guztira 375 korrikalarik hartu zuten parte, gehienek Irati Trail nagusian (23 km) eta gainontzekoak Irati Trail Motzean (13 km). Ibilbidean barna lohi asko izan zuten eta desnibel handia gainditu behar izan zuten, baina eguzkia ari zuela eta frexko, korrika egiteko eguraldi aparte zegoela nabarmendu zuten guztiek.

Proba nagusian Victor Amatriain zangozarra gailendu zen (2:04:15). Azken bi kilometroak arte Amatriain Jon Ridruejorekin batera ibili zen korrika, baina bukaeran ihes egin zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara. Ia minutu batera sartu zen Jon Ridruego zizurtarra (2:05:14). Evaristo Novela irurtzundarrak sekulako lasterketa egin zuen eta bosgarrena iritsi zen helmugara (2:15:53). Emakumezkoetan Oihana Kortazar mutrikuarrak hartu zuen aurrea hasieratik eta lasaitasun handiz lortu zuen garaipena (2:26:09), Irene Segura bigarrenari 13 minutu atereaz (2:39:42). Hirugarren emakumea sakandarra izan zen, Amaia Razkin Medrano uharte arakildarra (2:44:20). Bukatzeko, Edu Casanovas irurtzundarra 81.a iritsi zen (3:01:50), Asier Ansa altsasuarra 118.a (3:15:11) eta Ismael Zunzarren irurtzundarra 129.a (3:20:42). Beraz, primerako lana egin zuten sakandarrek.

Irati Trail motzean ere (13 km) sakandarrak primeran ibili ziren. Uharte Iruñeko Iker Diges izan zen azkarrena (1:10:13), Hugo Busto burlatarrari bi minutu pasa ateraz (1:12:28). Arkaitz Munarriz etxarriarra seigarrena iritsi zen helmugara, lasterketa bikaina egin eta gero (1:22:38). Emakumezkoetan lehia estua izan zuten Uxune Tenak eta Ioana Lopez etxarriarrak. Azkenean, lehena gailendu zen (1:32:14), Ioana Lopezi 13 segundo atera eta gero.