Maiatzaren 15ean hogeita sei urte bete dira Pello Mariñelarena etxarriarra Parisko espetxe batean hil zenetik. Mitterrand-ek agintzen zuen Frantzian; Gonzalezek Espainian. Biak “sozialistak”. Euskal Herriari begira, bien arteko lankidetzak egin zuen posible eskuin “demokratikoa” gauzatzera ausartzen ez zen Estatu politika kriminala: errefuxiatuen aurka bi norabidetan ireki zen giza-ehiza, konplexurik gabeko guda zikina alde batetik -GAL-; eta berme demokratikorik gabeko sarekada polizialak -poliziatik poliziara egin ziren entregak, tortura sistematikoa ekarri zutenak-. Gehitu horri hirugarren Estatuetara bideratu zen deportazioa eta urrunketa-sakabanaketa-isolamendua ardatz zituen espetxe politika. Independentisten aurka “denak balio du” politika azken muturreraino eraman dute sozialistek. Hogeita sei urtek eskaintzen duten ikuspegiarekin baieztatu genezake Espainia eta Frantziako sozialistek ardura bikoitza dutela Pelloren heriotzean: heroina gerra tresna gisa erabili izanagatik; eta salbuespeneko espetxe politika gauzatzeagatik.
Bakea eta elkarbizitza eraikitzeko bidean Egia, Aitortza eta Erreparazioa ezinbestekoak badira; badago oraindik premiazkoagoa den egiteko bat. Espetxeak pertsonak akabatzeko makinak izaten segitzen dute (ez soilik preso politikoak akabatzekoak, Zaballan gertatzen ari denaren argitara). Kartzelak usteko garaia da; lehen urratsa gaixotasun larriak dituzten 21 presoak etxeratzeko garaia da. Horietako bat da Jon Gurutz Maiza etxarriarra. Hau dena izanen dugu gogoan larunbatean eguerdiko 13ean Etxarri Aranazko plazan eginen dugun ekitaldian.