Beñat Katarainen Euskal Selekzioa, Espainiako txapelduna

Guaixe 2019ko mai. 15a, 14:15

Kantabriako Otañes mendi lasterketan 11.a sailkatu zen Beñat Katarain eta bere taldeak, Euskal Selekzioko Lasterkarien taldeak, Espainiako Mendi Lasterketen Taldekako Txapelketa irabazi zuen

Asteburuan Kantabriako Otañesko mendi lasterketa jokatu zen, aldi berean Espainiako Mendi Lasterketetako Txapelketa zena (34 km, 2.300 m. Desnibel +). Euskal Selekzioak bere korrikalari onenak eraman zituen proba garrantzitsura eta talde euskaldunak ez zuen hutsik egin. Oier Ariznabarretak (2:54:17) eta Ainhoa Sanzek (3:22:30) lasterketa irabazteaz gain, Euskal Selekzioa Lasterketako talderik onena izan zen, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan, Espainiako Mendi Lasterketetako Txapelketako talde txapelduna. Gizonezkoetan Ariznabarretak, Ander Iñarrak, Asier Larruzeak eta eta Beñat Katarainek lortutako puntuekin irabazi zuen Euskal Selekzioak txapelketa, eta emakumezkoetan Ainhoa Sanzek, Maite Maiorak, Laida Elizegik eta Amaia Amantegik pilatutako puntuei esker.

Bere estiloari jarraiki, Oier Ariznabarretak hasieratik aurrea hartu eta erritmo ikaragarria ezarri zion probari eta jaun eta jabe izan zen (2:54:17). Antonio Martinez eta Walter Becerra (2:55:03) sartu ziren bere atzetik. Beñat Katarain lakuntzarrak lasterketa polita egin zuen eta 11.a sailkatu zen (3:05:28). Emakumezkoetan, Ainhoa Sanzek ez zuen areriorik izan (3:22:30). Aipatzekoa da ere juniorretan Lide Urrestarazu izan zela garailea (2:00:49).