Lakuntza-Aralar eta Tritoiena lasterketetarako izena ematea zabalik

Guaixe 2019ko mai. 15a, 14:27

Lakuntzako proba ekainaren 9an jokatuko da eta Tritoiena ekainaren 16an, Arbizuko kanpinean

Ekainaren 9an, goizeko 9:30etik aurrera jokatuko da XVI. Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa, Zabalarte klubak antolatuta. Aralarko paraje zoragarriak zeharkatzen dituen probak beti erakartzen du, baina aurten gehiago, Lakuntzako proba, aldi berean, Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa izango delako eta 2019ko Euskal Mendi Federazioko Mendiko Lasterketen Rankingerako puntuatuko baitu. Mendi korrikalariek bi ibilbide izanen dituzte aukeran, luzea, 26 km-koa eta laburra, 12,5 km-koa eta izena ematea zabalik dago ekainaren 8ko eguerdira arte www.lakuntza-aralar.com edo www.herrikrosa.eus web guneetan (luzean), federatuek 16 euro eta federatu gabekoek 20 euro eta laburrean, federatuek 12 euro eta federatu gabekoek 15 euro).

Tritoiena, Beriain igotzen duen proba
Bestalde, Arbizuko kanpinak III. Tritoiena mendi lasterketa hartuko du ekainaren 16an, goizeko 9:30ean, 20,6 km eta 1.053 metroko desnibel positiboa duen proba, Arbizuko ekokanpinak eta Dantzaleku Sakana taldeak antolatutakoa. Proba Nafarroako Mendi Lasterketen Txapelketarako baliagarria izango da eta izena ematea zabalik dago, ekainaren 9ra arte,  rockthesport.com web gunean (22 euro).

Ibilbidea aurreko urteko bera izango da, baina aldaketa batekin: irteeran, lehenik eta behin buelta bat emango diote Arbizuko kanpingari, ondoren ibilbideari ekiteko: kanpinetik atera eta Ondatzera iritsiko dira, handik Unanura jaitsi, herrira, Unanutik Beriain igo, Uharteko portutik jaitsi eta Ondatzetik atzera ere Arbizuko kanpinera iritsi.

Mendi lasterketako probaz gain, ibilbide bera oinez egiteko aukera egonen dela aipatu digute antolatzaileek, mendizaleei keinua eginez.