Dinabiden ikastaroak hasi dira

Guaixe 2019ko mai. 19a, 12:50

Eraldaketa digitalaren ingurunea eta horrek enpresan eragin ditzakeen aldaketak identifikatzeko ikastaro batekin hasi du bere prestakuntza ibilbidea Dinabidek.

Sakanako eraldaketa digitalerako espazioak, Dinabidek, bi espazio ditu. Bata laborategia da eta han enpresek euren probak egiteko aukera izanen dute. Bestea, berriz, ikasgelak eta bilerak egiteko da. Gela horietako bat estreinakoz pasa den ostegunean erabili zen. 15 bat ikasle mustu zuten gela, 4.0 Buruzagitza ikastaroan izena eman zutenak.

Ikastaro horren helburua da euren enpresetan eraldaketa digitala bulkatu eta harantz tirako duten buruzagiak trebatzea. Horretarako, parte-hartzaileei eraldaketa digitalaren ingurunea ulertzeko gakoak emanen dizkiete eta euren enpresetan negozio aukera gisa ezar ditzaketen aldaketak identifikatzen lagunduko diete. Horretarako, besteak beste, 4.0 Industriari lotutako sentsoreen eta metrologiako tresnen berri emanen diete, datuen monitorizazioa, kontrola eta eskuratzea nola egin ikasiko dute edota industria automatizazioaz ariko dira.

Ikastaroa Asociacion de la Industria Navarrako (AIN) irakasleek ematen dute. Nafar Lansareren eta Sakanako Garapen Agentziaren (SGA) laguntza du ikastaroak. Ez da prestakuntza ikastaro bakarra izanen. SGAk jakinarazi duenez, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargoko Ofizialeko Eraldaketa Digitalerako Bulegoarekin hitzarmena du. Haren bidez Irurtzunen ziber-segurtasunari, datu meatzaritzari eta datu analisiari buruzko prestakuntza eskainiko dute aurki. Enpresei zuzendutako trebakuntzarekin abiatu da Dinabide, Sakanako Sozioekonomia Behatokiak markatutako lehentasunetako bat delako. Baina eraldaketa digitala pertsona guztiei eragiten digunez, ez dute baztertu etorkizunean herritarrei zuzendutako ikastaroak antolatzea. 

Argazkiak: SGA eta AIN.

Erlazionatuak