Amaia Ekisoain presidenteordeak eta Ibon Mimentza kudeatzaileak elkarteak bizitako ekonomia susperraldia nabarmendu zuten. Gogora ekarri zuten elkartea 2014ko abenduan porrot egin zuela eta ixteko zorian egon zela. Legegintzaldi honetan Garalurren finantza-egoera orekatu dela nabarmendu zuten. “Orain, guztion parte-hartzearekin, egoera hori finkatu beharra dago” gaineratu zuten. Finantza oreka lortzeko Garalurrek legegintzaldi honetan bere proiektu propioetan “arriskatzeari” uko egin zien. Horrekin batera, defizita sortzen zioten hainbat zerbitzu emateari utzi zion, esaterako: Europari buruzko informazio-zerbitzua (Europe Direct) eta turismo-kalitatea hobetzeko kudeaketa-sistema (SICTED).
Ekisoainek eta Mimentzak argitu zutenez, murrizketak eginda ere, Garalurrek zerbitzu nagusiei eutsi ziela: Nafarroako Mendialdea 2014-2020 Landa Garapenerako Programaren kudeaketa eta ekintzaileei eta toki-erakundeen proiektuei babesa. Garalurreko kudeatzaileek gaineratu zutenez, elkarteak “beste arlo batzuetan lana sendotu” zuen, esaterako: toki-erakundeen eta Nafarroako Gobernuaren arteko bitartekaritza, 2017 eta 2018rako Landa Garapeneko Departamentuarekin sinatutako akordio bati esker. Aldi berean, gizarte-masa eta plantilla gehiena mantendu dela azpimarratu zuten. Gaineratuz: “plantilla bere gaitasuna hobetzen ari da diziplina anitzeko talde gisa jarduteko”.
Joan den urtekoa eta aurtengoa
Garalurreko bi ordezkarik elkartearendako 2018ko mugarri garrantzitsuenetako bat izan zen Mendialdeko 80 enpresa berriri emandako laguntza; 90 lanpostu sortu zituzten, emakumezkoenak gehienak. Landa Garapeko Programari dagokionez, Ibon Mimentzak gogora ekarri zuen 2016an deialdia zabaldu zenetik 4,8 milioi eurotik gora banatu direla laguntzetan. Zehazki, 2018an 2017ko deialdira aurkeztutako 50 proiekturi laguntza ematea onartu zen eta, horretaz aparte, hirugarren deialdia ireki zen: 46 proiektu aurkeztu ziren. Cederna-Garalur elkartearen Energia Efizientziaren eta Kudeaketaren Zerbitzuaren emaitza onak azaldu ziren.
Garalurren aurtengo egitasmoen berri eman zuten ere. Besteak beste honakoak jaso dira: Nafarroako hegoaldeko EDER taldearekin hegazti behaketari buruzko lankidetza-proiektu berri bat martxan jartzea; La Caixaren InnovaSocial laguntzen bitartez ekintzailetzari babesa emateko zerbitzua finantzatzea edota Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen bat sinatzea, Nafarroako beste tokiko ekintza-taldeekin lankidetzan ekonomia zirkularreko ekintzak ezartze aldera. Landa Garapeneko Programari dagokionez, 647.000 euroko deialdi bat irekitzea aurreikusi du Garalurrek. Aipatu azken programa horrek gaur egunera arte izan duen garapenari buruzko kanpo-ebaluazio bat enkargatuko du elkarteak ere. Irurtzungo bileran elkartekideek gaur egun dituzten finantziazio-iturriei eustea oso garrantzitsua dela azpimarratu zuten, “horrek aukera emanen baitigu ekonomia hobetzen jarraitzeko, eta berriro finantza-arazoak ez izatea”.
Bestalde, Ekisoainek Mendialdearen garapenerako horren garrantzitsua den elkartean inplikaturik dauden eragile guztien lana eta konpromisoa nabarmendu zituen, eta korporazio eta erakunde pribatuak eta sozialak animatu zituen "proiektu ilusionagarri" honetan parte hartzera.