Klinikako berdegunea errazago txukunduko dute

Guaixe 2019ko mai. 18a, 12:56

Baiza motor enpresak belarra mozteko makina oparitu dio Josefina Arregi klinikari. Belarra moztuta klinikako erabiltzaileek errazago ematen dituzte pasioak.

Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoko lagunen elkarteko boluntarioek egiten dute eraikineko mantenu lana. Baita 5.518 metro karratuko azalerako belardiak zaindu ere. Orain arte makina txiki batekin aritzen ziren, belarra pitta bat hazten bazen arazoak zituena. “Aldiko bospasei ordu ematen nituen belarra mozten. Berriarekin 3 ordutan egin dut”, argitu digu Iosu Calvo boluntarioak. Baina dagoeneko ez da horrela izanen Baiza motor enpresak elkartearen bidez Josefina Arregi klinikari belarra mozteko makina berria oparitu baitio.

Aurreko makinaren matxura bategatik jo zuten Baiza motorrera hura konpontzera. Enpresako Asier Aldasorok esan digunez, “beharra zutela ikusi nuen. Momentu honetan aukera ona neukan nik eta aprobetxatu egin dut”. Aldasorok gaineratu duenez, “azkeneko urte askotan beti aditu izan dut nik nahiko arrastaka bezala dabiltzala. Uste dut klinikan oso lan polita egiten dutela. Beharra ikusten nuen”. Berak ez du klinikaren lana gertutik ezagutu, baina lagunak eta ezagunak ditu klinikaren erabiltzaile izan direnak. Emandako makinaz esan digu “daukaten terrenorako nik uste nahikoa egokia dela. Makina honekin nahiko ondo moldatuko dira”.

Esker ona
Klinikako kudeatzaile Anjel Gardatxalek Aldasorori eskerrak eman zizkion. Klinikan dauden pertsonak eraikineko inguruko belardietara pasiatzera ateratzen dituztela azaldu zuen Gardatxalek. “On egiten die. Baina belarra altu badago ibiltzeko trabak izan ditzakete batzuk”. Horregatik, belarra moztearen garrantzia.  

Eta bere esker ona luzatu zion klinikako lagunen elkarteari eta haren bidez mantenu lana egiten duten 50 bat boluntarioei. “Euren laguntza ezinbestekoa da klinikarendako. Haiena lan solidarioa, eskuzabala eta inork eskatu gabekoa da”.  Nabarmendu zuen zein mesedegarriak diren elkarteko boluntarioek egunerokoan egiten dituzte lan txikiak.  

Asmoak
Martxoaren 8an langileen ordezkariek jakinarazi zuten Nafarroako Gobernuak agindutako diru-laguntza ez zela iritsi eta klinika kinka larrian zegoela. Egoera bera izaten segitzen du. “Hauteskundeak direnez, garairik okerrena da. Administrazioan ez dute orain ezer mugituko”, argitu digu kudeatzaileak.

Bitartean, lagunen elkarteak eta klinikak berak eraikinaren ekialdera eta hegoaldera dagoen berdegunerako hainbat asmo dituztela gaztigatu zuten. Lehenik hara iristeko espaloia egin nahiko lukete, klinikan dauden pertsonek eta haien laguntzaileak joan-etorriak erosoago egiteko. Bestetik, belardira joaten direnendako aulki egokiak eta mahairen bat jarri nahi lituzkete. Gaur egun dauden aulkiak ordezkatu nahiko lituzkete, adinduendako ez baitira egokiak. Eta txokoren batean biltegia egin nahi lukete ere, klinikaren parean dagoen biltegiari jabeek aurki beste erabilera bat eman nahi diotelako eta ezin izanen dutelako erabili. Guztiak asmoak, dirua faltan.

Elkartea
Josefina Arregi klinikako lagunen elkartea irabazi asmorik ez duen erakundea da. Bere helburua  klinika laguntzea oinarrizko mantenu, pintura, elektrizitate, lorezaintza eta bestelako lanak egiten. Horrekin batera, klinikan osasunaren eta pertsonen arloan egiten egiten den lana zabaltzen du. Elkarteak gaur egun 500 kide ditu eta, 50 bat lan boluntarioak egiten dituzte. Gehienek diru ekarpena egiten dute, elkarteak zuzenean klinikari ematen dio. Gutxieneko ekarpena hilabeteko euro batekoa da, hau da, 12 euro urtean. Hortik aurrera nahi den guztia eman daiteke. Elkartean nahiago dute bazkideek dirua ordainketa bakarrean egitea. Haiekin harremanetan jartzeko bloga edo haien Facebook-eko profila bisitatu daiteke.