Irurtzunerako espaloia egiteko lanak deitu dituzte

Guaixe 2019ko mai. 18a, 11:28

Irurtzunerako errepidearen ezkerreko aldean eginen da, 380 bat metro luze eta 1,8 metro zabal dituen espaloia.

Izurdiagako trenbide lanak egitearekin batera, trenbidetik autopista azpiko zubira arte espaloia egin zuten NA 7000 errepidearen ondoan. 2016an egindako lan horri jarraipena eman nahi dio Arakilgo Udalak eta Irurtzungo mugara arteko espaloia egin. Oinezkoendako segurtasuna eta erosotasuna bermatu nahi ditu horrela. Izan ere, hainbat dira errepide hori pasiatzeko edo Irurtzungo azokara joateko erabiltzen dutenak. Espaloiarekin batera dagozkion euri ur hartuneak eta argiteria publikoko farolak jarriko dituzte.

Lanak egiten interesa duten enpresek hilaren 25era arte aurkez ditzakete euren proposamenak. Lanek 173.955,48 euroko aurrekontua dute (BEZ barne). Enpresa hartzaileak lanak 12 astetan despeditu beharko ditu. Bestalde, Izurdiagako Kontzejuak aurten argiteria berritzeko asmoa du. Udalak espaloiko lanak lehenbailehen egin nahi ditu, horien baitan kanalizazioak baitaude. Hala, ondoren kontzejuak espaloiko faroletarako kableak eta bestelakoak sartu ahal izateko.