Kontzientzia eragozpena eta intsumisioak Nafarroan izandako ibilbidea eta hark bake kulturaren zabalkundean egindako ekarpena dokumentu-funts batean jasoko da. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanak Departamentuaren menpe dagoen Nafarroako Memoriarako Institutuak sustatu du lana. Eta zeregin horretan ari da Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle Pedro Oliver Olmok zuzentzen duen ikerketa taldea. Atzerriko hainbat lurraldeetako unibertsitateetako espezialistak biltzen dituen Kartzelen eta Zigor-Erakundeen Historiaren Ikerketa Taldeko koordinatzailea da Oliver. Eta, gainera, intsumiso izateagatik Iruñeko kartzelan preso egon zen.
Ikerketak hiru ardatz ditu. Aurrena da Nafarroako kontzientzia eragozpen mugimenduak bere historia testuinguruan kokatzea, eta bake kulturari egindako ekarpena aztertzea. Bestetik, kolektiboen eta pertsonen esku zeuden prentsa idazkiak eta ikus-entzunezko materialak jaso eta katalogatzea. Horrekin batera, kontzientzia eragozpen kolektiboen bizitza nolakoa zen jakin eta euren artxiboak inbentariatu nahi dira.
Parte hartzea
Oliver kide izandako intsumitu sakandarrekin harremanetan jarri zen joan den urte akaberan. Herrialdeko intsumisio mugimenduaren barruan aparteko tokia izan baitzuen Sakanako Antimilitarista Taldeak. Haren artxiboa eta soldaduskaren kontrako mugimenduan parte hartu zutenen artxiboak arakatzeko eskatu zien. Aurrenaren zati handi bat Olatzagutitik Altsasurako leku aldaketa batean pista galdu zitzaiola jakinarazi zioten. Hala ere, zegoen materiala pasa diote. Gainera, makina bat intsumituk eurek gordetako argazkiak, elkarrizketak, agiriak, epaiak eta bestelako dokumentuak pasa dizkiote Oliverri. Gainera, proiektuarekin bat egin duten guztiek norbere esperientzia kontatuz fitxa bana bete du.
Horrekin batera, Oliverrek intsumitu sakandarrak elkarrizketatzeko asmoa azaldu zuen. Elkarrizketa Olatzagutiako kultur etxean egin zioten apirilaren 25ean. Hamar bat lekukotza jaso zituen 1984ko lehen kontzientzia eragozleetatik hasi, militarren kartillen erreketarekin segi, militarren kartzeletan preso sartu zituztenekin eta ondoren kartzela zibiletan preso izan zirenekin bukatzeko. Sakanan bezala foru geografian barna beste hainbat elkarrizketa egin ditu Oliverrek.
Dokumentalerako diru bilketa
2 Urte, 4 Hilabete dokumentala IZAR Filmsek eta Labrit Multimediak ekoiztuko dute eta Lander Garrok zuzendu. Ikus-entzunezkoak derrigorrezko soldaduskaren aurka borrokatu zuten 6 lagunen istorioa kontatuko du. Hainbat arrazoi izan zuten soldaduskari uko egiteko eta seiek nahiago izan zuten kartzela armada baino. Euren borrokak soldaduska desagertzea ekarri zuen. Aurten intsumisioak 30 urte bete ditu, gazte haiek gaur egun 50 urte inguru dituzte. Dokumentalak iraunen dituen 80 minututan sei protagonistek atzera begiratuko dute, baina aurrera ere. Dokumentalean seikoteari egindako elkarrizketekin batera artxibozko argazkiak, dokumentu eta bideoak eta aurtengo Iruñeako San Ferminetan grabatuko ditugun irudiek osatuko dute filma. Iruñeko kartzelako irudiak ere izanen dira.
Dokumentala osatzeko azken grabaketak egin ahal izateko diru bilketa edo crowdfundinga martxan jarri dute Verkami plataformaren bidez. 5 eurotik aurrera diru ekarpenak egin daitezke. Bestela, Laboral Kutxako 3035 0050 71 0500086773 kontu korrontean ere sartu daiteke dirua, beti ere, izen abizenak aipatuz. Halakoetan ohi denez, egindako diru ekarpenaren araberako sariak jasoko dituzte emaileek.