Elkartasuna eta elkarlana, Sakanako bizikleta festako oinarri

Guaixe 2019ko mai. 20a, 08:49
Mankomunitateko eta elkarteko ordezkariak igandeko hitzorduaren aurkezopenean.

Igandean izanen da 2019ko Bizikleta Ibilaldi Berezia, Iturmendin. Mank-eko kirol, kulturartekotasun, euskara eta berdintasuna zerbitzuek elkarlanean prestatu dute eguna eta jasotako 2. eskuko kirol materiala Iruñeko Elkarri Laguntza elkartearendako izanen da.

Sakanako Bizikleta Ibilaldi Berezia Iturmendin izanen den igandean. Proba ez lehiakorra da, baina kirol ekitaldi batetik haratago doana. Izan ere, antolakuntzan Sakanako Mankomunitateko 4 zerbitzuk hartu dute parte: kirol zerbitzuak, Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, euskara zerbitzuak eta berriki lanean hasi den berdintasun zerbitzua. “Oso kontentu gaude egun hau elkarlanean zerbitzu ezberdin hauen artean antolatu dugulako. Erronka da eta indartzen gaitu” azaldu zuen kirol zerbitzuko teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Izena ematea derrigorrezkoa da
Olaztiri lekukoa hartuz, aurten Iturmendik hartuko du Sakanako Bizikleta Ibilaldi berezia. Kirola sustatzeaz gain, Sakanan bizi diren beste kultura batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du, euskaraz aritzeko gonbitea izanen da eta beti, genero ikuspuntua kontuan hartua. Lehenik eta behin, Iturmendi, Bakaiku eta Urdiain artean 7 km-ko ibilbidea prestatu dute, 9:30ean Iturmenditik aterako dena. “Erraza da, ez ditu aldapa asko eta martxa lasaian joango gara. 10 urtetik gora bakarrik joan daitezke neska-mutikoak, baina 10 urtetik behera helduekin. Familian joateko martxa gomendagarria da” aipatu zuen Gerrikagoitiak. Bakaiku eta Urdiaindik Iturmendira bizikletan joateko aukera izango da, 9:15ean, Barranka Txirrindulari Taldekoekin. Eurek zainduko dituzte bidegurutzeak. Martxa ondoren, auzate osasuntsua izango da eta Berri Bikes eta Murugarren txirrindula dendetako Joaquinek eta Joxik bizikletak konpontzeko tailerra eskainiko dute.

Martxa dohainik da baina bertan aritzeko aurretik izena eman beharra dago maiatzaren 21era arte Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus) edo Iñigo Aritza, Andra Mari, Arrano Beltza, San Donato eta Urdiain ikastetxeetan, asegurua kontratatzea beharrezkoa baita.

Auzate anitza eta munduko jokoak
Ondoren Anitzartean Kulturartekotasun zerbitzuko Bego Zestau teknikariak hartu zuen hitza. Martxaren ondoren,  partaideei auzate anitza eta osasungarria eskainiko zaiela aipatu zuen. “Frutak, fruitu lehorrak eta Iturmendin bizi den Marokoko jatorriko familia batek tea eta gozo osasuntsuak eskainiko ditu, sesamoarekin eta eztiarekin egindakoak” azaldu zuen. Eta bildutakoendako munduko jolas herrikoiak antolatu dituzte. “Hemengo joko ezagunez gain, zapiak, koskolak, soka saltoa... munduko jolasak biltzeko ikaragarrizko lana egin du Kulturartekotasun zerbitzuan praktikak egiten dagoen Irati Ollakarizketak” nabarmendu zuen.

Ipuin ez sexistak
Duela gutxi Mankomunitateko berdintasun zerbitzu berrian lanean hasi den Oihana Gallok gaineratu zuenez, ipuin ez sexisten txokoa prestatu dute ere bizikleta martxa ondoren. “Ipuin ez sexisten txoko bat egongo da; zehatzago esanda, maletatxo bat egonen da eta hor hainbat ipuin bildu ditugu, berdintasun ikuspegia lantzen dutenak, Iturmendiko eskolaren laguntzarekin lortutakoak” azaldu zuen.

Euskara zerbitzuko teknikari Naiara Iberok gaineratu zuen euskara zerbitzutik ipuinak sortzeko txokoa eskainiko dutela Iturmendin. “Euskara, eskulana eta irudimena uztartzen dituen jarduera izango da, ipuinak sortzeko txokoa”.

Bigarren eskuko kirol material bilketa Elkarri Laguntza elkartearendako
Nobedade moduan, Sakanako Bizikleta Ibilaldi Berezian bigarren eskuko kirol materiala jasoko da, bai Iturmendin, egunean, eta baita aurretik, ikastetxeetan. Orain arte trukea egiten zen, baina aurten bildutakoa Iruñeko Elkarri Laguntza elkarteak jasoko du. Elkarte horretako Mikel Otazu, Maria Ekiza eta Maria Cumbicus izan ziren aurkezpenean azalpenak ematen. Azaldu zutenez, duela 6-7 urte sortu zen elkartea, etxegabetze prozesuak hasi zirenean, Hipotekak Kaltetutako Plataformatik (PAH). “Ikusi genuen behar asko dagoela, prekarietate izugarrian bizi direla familia asko, eta laguntza eman beharra genuela” nabarmendu zuen Otazuk, elkartasuneko lana dela nabarmenduz, borondatezkoa.

Elkarri Laguntza elkartean 190 familia biltzen dira, 500 pertsonatik gora, eta hainbat alor lantzen dituzte. Arrotxapean, garai bateko Matesa zenean, lokala utzi diete. “Ongi etorriak zarete”. Han ekonomatoa dute, erabilitako arropa eta zapata gunea, altzarien tailerra eta beste. “Elikagaien Bankutik elikagaiak ematen dizkigute eta familien artean banatzen ditugu ekonomatoaren bidez. Horretaz gain hainbat tailer edo txoko ditugu: enplegu tailerra, arropa tailerra, sexu ahalduntze tailerra, altzari tailerra…” aipatu zuen Otazuk. Ekizak adibideak jarri zituen. “Esaterako, iraila hasieran San Francisco eskolatik deitzen digute hainbat haurren ekipazioa prestatzeko: anorakak, zapatillak, txandala, motxila, eskola-materiala…” eta guk 30-40 haurrendako motxilak prestatzen ditugu. Ezer ez duten jendea da, asko etorkinak, gela batean sartuta bizi direnak. Bestalde, hemen janariak nola prestatzen diren irakasten diegu, etxeren batera lanera joan behar badute minimo batzuk ikas ditzaten, eta ematen dizkiguten altzari zaharrak berritu eta euren etxebitzak janzten laguntzen diegu, ez baitute ezer, beste gauza askoren artean. Iturmendin bilduko dugun kirol materiala izugarri ongi etorriko zaigu” nabarmendu zuen.

Elkarri Laguntza taldekoak oso eskertuta zeuden Sakanako Bizikleta Ibilaldi Berezian euren aldeko materiala jasoko delako. “Denetatik jasoko dugu: patinak, erraketak, bizikletak, baloiak, txandalak, motxilak, jantziak… eta horien falta duten familietara bideratuko dugu”.

Iturmendin izanen den Bizikleta Ibilaldi Berezian parte-hartzeko deia egin zuen Mankomunitateko presidente David Orozek. “Egun honetan parte-hartzera animatu nahiko nuke jendea: berdintasun baloreekin, euskaraz, Sakanan jaiotako sakandarrak eta kanpotik etorritakoak, guztiok kirol pixkat egin eta ahal badugu lan eder hau egiten duen elkartea laguntzen badugu, egun oso polita atera daiteke” gonbidatu zuen.