Nafarroako gizarte ekimeneko enpresak biltzen dituen ANEL elkarteak bere urteroko batzarra egin zuen hilaren 3an. Herrialdeko kooperatibak eta lan-sozietateak ordezkatzen ditu elkarteak eta ekitaldian 350 pertsona baino gehiago elkartu zituen. Batzarreko ekitaldi nagusietako bat “enpresa eredu horri ekarpena egin dioten eta Gizarte Ekonomiarekin konpromisoa duten 42 pertsonari egindako aitortza da”.
ANELeko presidente Ignacio Ugaldek azaldu zuenez, elkartean hamarkada bat baino gehiago daramaten enpresei gonbidapena egin zieten: “proiektu sozio-enpresarialari ekarpena egiteagatik eta Gizarte Ekonomiaren balioekin duten konpromisoagatik nabarmendu diren bat edo bi pertsona aukeratu”. Ugaldek nabarmendu zuenez, ekimen horrekin ANELek Gizarte Ekonomiaren “egituraren, antolakuntzaren eta kudeaketaren erdigune diren pertsonei balioa aitortu nahi diegu horrela. Hala dira bazkide-langileak. Eurek dute kapitalaren zati handiena, erabakitzeko ahalmena dute eta euren konpromisoarekin enpresa horizontalagoak, gizatiarragoak eta eraginkorragoak eraikitzen jakin dute”.
30 enpresek egin zuten bere gonbidapena eta haietatik lau sakandarrak ziren. Aitortza jaso zutenen artean bost sakandar daude: Juan Carlos Reparaz eta Javier Gorriti (Lakuntza Kalor Group), Jose Migel Flores Garziandia (Sakana group), Antonio Zubiria Garabieta (Bikain garajea) eta Mikel Otsoa Aierra (Eseki).