Andra Mari ikastola 1969an sortu zen eta, beraz, mende erdia bete du. Ikastolako presidente Naroa Iraurgik azaldu duenez, urte hasieratik ari dira 50. urteurrena ospatzen. Barrura begira antolatutako ekintzen ondoren urteurren ospakizuna kalera aterako dute hurrengo egunetan. Horretarako, lehenik, 50. urteurreneko logotipoa egin du Argiñe Berastegik, kamixetetan inprimatuta ikus daitekeena dagoeneko. Horrekin batera, Andra Mari ikastolak lelo berria mustu du: Ekin eta segi.
Mende erdiko ospakizunei dagokienez, ikastolako pedagogia-zuzendari Olaia Martiarenak azaldu digunez, “Lakuntzan hainbat ekimen izanen dira asteburuan, gure lehenengo ikastola izan zen egoitzan (apezaren etxean)”. Gaur, 18:00etan, jolasak izanen dira eta 19:00etan erakusketa mustuko dute. “50 urte hauetako argazki batzuen erakusketa eta, harekin bat eginez, ikastola komunitateko hainbat partaideri egindako elkarrizketak jasotzen dituen bideo baten proiekzioa izanen da”. Horiek gaur eta bihar 19:00etatik 21:00etara izanen dira ikusgai eta igandean 12:00etatik 14:00etara. Justu hura bukatzean, 14:00etan, argazki erraldoia egin nahi dute. Hartan sortzaileak, guraso eta ikasle ohiak, egungo gurasoak eta ikasleak izatea nahi dute.
Gehiago
Urteurren ospakizunen hurrengo hitzordua maiatzaren 25ean izanen da, Etxarri Aranatzen. VI. Binakako Lasterketa jokatuko da. Lasterketa Naparpellet enpresak babestua izanen da eta aurtengo berezitasuna da lasterkari guztiak ikastolako kamiseta berria jantzita parte hartuko dutela. Bestetik, urtero ikasturtea despeditzeko Andra Mari ikastolak festa egiten du. Aurtengoa garagarrilaren 8an izanen da eta berezia izanen da. Ohiko jarduerez gain (pilota partidak, herri kirolak, erakusketa, puzgarriak…), urteurrena behar bezala ospatzeko, hainbat jarduera berezi eginen dira: argazkiekin erakusketa eta ikastolarekin lotutako hainbat pertsonari egindako elkarrizketen bideo bat ere proiektatuko da.
Ospakizunak balioko du ikastola uzten duten DBH 4ko ikasleak agurtzearekin batera urte horietan guztietan ikastola proiektua eta, bereziki, Andra Mari ikastolaren proiektua aurrera eramaten lagundu duten pertsona, erakunde eta eragile guztiei eskerrak emaneko ekitaldia izanen da ere. Hori guztia, jakina, herri bazkari erraldoi baten bueltan ardaztuta. Andra Mari ikastolatik ikasle eta familia ohiak etortzera gonbidatuko dituzte. Egitaraua Beietz! taldearen kontzertuarekin itxiko da. Hura da ikastolari eskainitako kantua sortu duena.
Ikastolaz
Hiriberri eta Iturmendi arteko ikasleak hartzen ditu Andra Mari ikastolak. Arbizun Haur Hezkuntzako ikastetxea dago eta Etxarri Aranatzen bi eraikin ditu (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza etapak batean eta bestean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza).