Ezkurdia: “Tanto bakoitza sufritu beharko dudala badakit”

Guaixe 2019ko mai. 17a, 13:07

Bihar, larunbatean, Buruz Buruko finalerdia jokatuko dute Joseba Ezkurdiak eta Mikel Urrutikoetxeak Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Biek partida zaila eta gogorra aurreikusten dute

Buruz Burukoaren atzerakontua martxan da. Asteburuan finalerdiak daude jokoan: Joseba Ezkurdia da txapelketan bizirik dirauen pilotari nafar bakarra, eta finalerdian Zaratamoko Mikel Urrutikoetxea izango du aurkari bihar Bilbon (17:00, ETB1). Beste finalerdia igandean jokatuko da Eibarko Astelenan (17:00, ETB1). Aramako Iker Irribarria Zaratamoko Danel Elezkanoren kontra ariko da. Laurak sasoi betean daude eta ikusmina handia da; partida oso estuak aurreikusten dira.

Asteazkenean larunbateko partidarako material aukeraketa egin zuten Ezkurdiak eta Urrutikoetxeak, eta biak kontentu zeuden. “Pilota onak dira, antzekoak, berarenak lasaixeagoak iruditu zaizkit, bat behintzat, mantsoagoa, baina pilota onak. Nireak fuerteagoak dira” azaldu zuen Ezkurdiak. Iritzi berekoa zen Urruti.

Eskuinarekin min gehiago
Ezkurdiak ongi dagoela aipatu zuen. “Bi aste hauetan entrenamendu saio gogorrak egin ditut, sentsazio onak dira eta gustura. Eskuinarekin min gehiago egin beharra dudala argi dut. Ondorio hori atera nuen Jakaren kontrako partidan. Kantxan ongi ikusi nuen nire burua, sufritzen jakin nuen estutu ninduenean, partidatik atera gabe egon nintzen, eroso, defentsan ongi, boleaz ere sentsazio onekin, baina eskuinarekin min gehiago egin behar dut” nabarmendu zuen.

Urrutikoetxea ongi ikusten du aurrelari arbizuarrak. “Pilotari handia da Mikel, konpletoa. Oinatzen kontra partida ona egin zuen, serioa. Nahiz eta Oinatzek egun onena ez izan, bere merituz irabazi zuen; gauzak oso erraz eta oso ongi egin zituen”. Kantxan dena eman beharko duela jakitun da arbizuarra. “Kantxan hustu beharko naiz. Sakearekin gehiago asmatu behar dut eta eskuinarekin min gehiago egin. Jakina, sakeak ongi erantzun beharko ditut. Ea nork hartzen duen ekimena; horrek garrantzia izango du” gaineratu zuen.

Partida gogorra izango dela uste du. “Partida zaila dut, aurkari ikaragarri konpletu baten kontra, eta nik oso ongi egin beharko dut nire lana. Tanto bakoitza sufritu beharko dudala badakit. Aurkari zaila da, baina partida polita. Ikusiko da zer eguna ateratzen den; ea lasai etortzen garen eta partida polita egiten dugun” gaineratu zuen.

Buruz Burukoan Urrutiren kontra aurretik jokatu dituen partidak galdu izanak ez dio loa kentzen. “Orain aukera eta erronka polita dut aurrean. Giro polita dago, ilusioa dut, kilikadura edo urduritasun puntu hori sentitzen dut. Gauza polita da hori” aitortu zuen. Ongi sentitzen da, baina zuhurra da. “Orain nire burua sendoago ikusten dut, erregularragoa, nire buruarekin konfiantza gehiago dut, nahiz eta akatsak egin. Abiadura askorekin jokatzen da eta tanto guztiak ongi jokatzea zaila da. Finalerdietan partida konpletoa egin beharko dut irabazteko aukerak izateko”.

Urrutikoetxea: “Partida gogorra izatea nahiko nuke; geroz eta gogorrago, hobe”
Urrutikoetxearendako ere aurreko urteetako partidak ez dira erreferenteak. “Lehengo partidek ez dute ezertarako balio. Aurkari zail baten kontra jokatzen dut larunbatean. Partida zaila dut aurretik, aurreko partiduak ez dute erreferentzia bezala balio. Boleaz asko ematen dio Ezkurdiak, gora egin du, bi txapel lortu ditu eta goian egoteko dohainak  ditu” azaldu zuen, bere aldetik, Urrutikoetxeak.

Ongi dagoela adierazi zuen bizkaitarrak. “Fisikoki ongi nago. Hasieran zalantzak nituen, baina partidetan sentsazioak onak izan dira. Baina badakit larunbatean partida ezberdina dudala, aurkari diferentea baita, ezaugarri desberdinekin. Nire lanak ongi egiten saiatuko naiz, eta hori lortzen badut uste dut aukerak izan ahal ditudala, berak dituen bezala” gaineratu zuen bizkaitarrak.

Zaratamokoak ez du arbizuarraren bolearekin itsutu nahi. “Bere armarik handienetako bat da bolea, izugarrizko abiadura ematen dio pilotari. Hori saihesten saiatuko naiz, nahiz eta oso zaila izan, baina asko obsesionatu gabe. Bolea sartzen bada, zuhur egon hurrengo jokaldiari begira” aitortu zuen. Halaber, “gogotsu” dagoela nabarmendu zuen, “ilusioarekin”. “Partida oso zaila dut aurrean, baina aldi berean polita, Buruz Buruko finalerdia. Lana egina dago, ongi prestatu gara eta ea partidaren egunean ongi ateratzen den. Partida gogorra izatea nahiko nuke, emozioa duena, pilotazaleek disfruta dezatela; geroz eta gogorrago, hobea” aipatu zuen.  

Orain arte bi final jokatu ditu bizkaitarrak: 2016koa galdu egin zuen Irribarriaren kontra (13 eta 22) eta 2015ekoa irabazi egin zuen Olaizolaren kontra (19 eta 22). Hirugarrena jokatu nahi duela aitortu du, baina larunbateko finalerdian pentsatzen duela. Ezkurdiak, aldiz, Buruz Buruko lehen finala jokatu nahi du. Beraz, tentsio handiko partida aurreikusten da. High-voltage.