Lasterbidean: milaka elkartasun oinkada

Guaixe 2019ko mai. 17a, 14:31

Igandean, maiatzaren 19an jokatuko da Lasterbidean Nazio Elkartasun Lasterketa, Arbizu eta Lakuntza artean, goizeko 11:00etatik aurrera. Bi ibilbide daude, eta izena ematea zabalik dago oraindik. Egun osoko festa da, ondoren Lakuntzan bazkaria eta kontzertuak izanen direlako

Igandean Arbizu eta Lakuntza arteko bidea korrikalariz betetzea, hori da Lasterbidean Nazio Elkartasun Lasterketaren helburua. Izan ere, aurten Sakanako bi herri hauek hartuko dute euskal errepresaliatuekiko eta beren gertukoekiko elkartasun herri ekimena, 7. edizioa izanen dena. Probaren nondik norakoak Lakuntzan aurkeztu zituzten maiatzaren 4an egindako aurkezpenean. Tartean, besteak beste, Alia Salinas eta Eneko Gaztelurrutia lasterketako antolatzaileak zeuden, Sakanako laguntzaile eta kolaboratzaileekin batera eta baita Etxarriko presoen senide Xochitl Karasatorre, Kontxi Goñi, Angelines Garziandia eta Felipe Karrera.

7,4 km edo 2,5 km
Lasterbidean herri lasterketa bat baino gehiago da. Euskal errepresaliatuen eta euren senideen eskubideen errespetua eta horren aldeko lana bulkatzeko ekimena da. Horrela, egun osoko festa antolatu da iganderako Arbizun eta Lakuntzan.

Goizeko 9:00etan hasiko da antolakuntza dortsalak banatzen Arbizuko kiroldegian. 10:00etan zumba beroketa egonen da plazan, eta ondoren, goizeko 11:00etan abiatuko da Lasterbidean lasterketa luzea (7,4 km), Arbizu eta Lakuntza artean prestatutako zirkuituan. Lasterketak bi herrietako herriguneak zeharkatzen ditu. Wikilocen ibilbidea deskargatu daiteke: https://es.wikiloc.com/rutas-carrera/lasterbidean-luzea-2019-arbizu-lakuntza-32950311

12:15ean 2,5 km-ko proba laburra, herrikoia, abiatuko da. Ondoren, 13:00etan, sari banaketa eta ekitaldi nagusia egingo dira Arbizuko plazan, eta ondoren, bildutakoak kalejiran joango dira Lakuntzara, han 800 pertsonendako bazkari erraldoia eskainiko baita pilotalekuan. Arratsaldean, jai giroarekin jarraitzeko, 16:30ean zirko erakustaldia egonen da Lakuntzako parkean, 17:30ean herri kirolak Lakuntzako plazan –asteazkenean hasi ziren Lakuntzako plazan karpa jartzeko lanak, hortaz aterpea ziurtatuta dago– eta ondoren kontzertuak (Alkarajo eta Anita Parker) plazan. DJ Bullek musika jarriko du egun guztian barna.

Izena ematea zabalik
Lasterbidean proban parte hartzeko aurretiazko izena ematea zabalik dago maiatzaren 17ko gauerdiko 00:00ak arte www.lasterbidean.eus edo www.kirolprobak.com web guneetan. Inskripzioa 15 eurokoa da, eta inskripzioa eta bazkaria, 30 euro. Soilik pertsona batek korrika egiten badu baina familia edo lagunekin bazkaldu nahi badu, bazkarirako txartel gehiago erosi ahalko ditu. Bestalde, probaren egunean izena ematen dutenek 17 euro ordaindu beharko dituzte inskripzioagatik.  

2,5 kilometroko lasterketa herrikoian izena emateko –proba hau ez da kronometratuko– izena emateak igandean bertan egin beharko dira, 3 eurotan. Bestalde, antolakuntzatik adierazi dutenez, bazkarirako txartelak soberan badira, egunean bertan jarriko dituzte salgai, 15 eurotan, baina dagoeneko txartel asko saldu direla aurreratu dezakegu.

Antolatzaileek 1.000 korrikalari baino gehiago espero dituzte bi probak kontuan hartuta. Ostiral goizean 606 korrikalari zeuden izena emanda, baina egunean bertan izena eman daitekeenez, askok azken ordura arte itxarongo dute.

Lasterbidean-en aritzeko gonbita
Lasterketa antolatzen –bidegurutzeetan eta beste egoteko– edo bazkari erraldoia prestatzen eta zerbitzatzen lagundu nahi duten boluntario guztiak antolatzaileekin harremanetan jar daitezkeela azaldu dute antolakuntzatik. Urdiaingo Benignoren taldea arduratuko da bazkaria prestatzeaz, eta antolakuntzatik oso eskertuta daude, bai beraiekin eta baita Lakuntza eta Arbizuko boluntarioekin eta egunean parte hartuko duten musika taldeekin ere. Jakina, presoen eskubideen alde Lasterbidean aritzeko gonbita egin diete sakandarrei.