Chamorro eta Bergara Bianako podiumean

Guaixe 2019ko mai. 17a, 12:11

V. Bianako Printzerria Duatloia jokatu zen igandean, bi distantziatan: motzean eta ertainean. Ertaineko proba aldi berean Nafarroako Distantzia Ertaineko Duatloi Txapelketa zen. Laburrean, Peio Bergara bigarrena sailkatu zen beteranoen mailan eta Gorka Chamorro 23 urtez azpian hirugarrena izan zen

Maiatzaren 5ean V. Bianako Printzerria Duatloia jokatu zen, bi distantziatan: distantzia ertainean eta distantzia laburrean. Distantzia ertainean duatletek 14,2 km korrika, 72 km bizikletan eta 7,1 km korrikan osatu behar izan zituzten. Aldi berean, proba ertain hau Nafarroako Distantzia Ertaineko Duatloi Txapelketa zen. Bizikleta sektorean duatletek ezin zuten aurreko gurpilari lotuta jo; hau da, ezin zen draftinga egin.

Distantzia ertainean Delteco Eibar Triatloi Taldeko Pello Osoro izan zen txapelduna (3:08:34), Saltoki taldeko Ibai Albari ia 3 minutu t’erdi aterata (3:12:02). Gorka Acebes Lasa 25.a sailkatu zen (3:35:34). Sakana Triatloi Taldekoei dagokienez, Juan Ignacio Iturrioz 52.a sartu zen (3:56:15) eta Isidro Asurabarrena 67.a (4:06:50). Mikel Astizek ezin izan zuen proba despeditu. Emakumezkoetan Nerea Gambra gailendu zen (3:51:22).

Distantzia motzean Chamorro eta Bergara oholtzara
Distantzia motzean, aldiz, 7,1 km bizikletan, 37 km bizikletan eta 3,2 km korrikan egin behar izan zituzten partaideek. Ascentium Arabatri taldeko Iker Ortiz de Zaratek irabazi zuen (1:36:19) eta alde ederra atera zion Tri-Ur Gazia taldeko Hector Aiukarri. Sakana Triatloi Taldeko Iñaki Alvarok lan ederra egin zuen eta 11.a sartu zen helmugara (1:45:38). Bere taldekide Juan Carlos Gomez 18.a sailkatu zen (1:47:30), Gorka Chamorro 36.a (1:54:21), Xabier Gonzalez 37.a (1:54:29) eta Peio Bergara 55.a (2:04:31). Emakumezkoetan Miren Apraiz gailendu zen (1:55:00) eta Sakana Triatloi Taldeko Silvia Perez bederatzigarrena sailkatu zen (2:14:23).

Beraz, duatleta sakandarrek lan oso txukuna egin zuten eta bi kide igo ziren oholtzara: Gorka Chamorrok bere lehen podiuma lortu zuen, 23 urtez azpiko txapelketan hirugarrena sailkatu zen eta Peio Bergara beteranoaren lana aipatzekoa da; bere mailan, beteranoen 3. mailan, bigarrena sailkatu zen korrikalari altsasuarra.

Benjumea eta Borrega Hondarribiko Triatloian
Larunbatean Hondarribiko Triatloia jokatu zen, sprint distantzian –750 m igeriketan, 20 km txirrrindularitzan eta 5 km korrika–. Bertan Sakana Triatloi Taldeko Felix Benjumea eta aurten kategoria txikietatik maila absolutura salto egin duen Xabi Borrega aritu ziren. Biak txukun ibili ziren. Felix Benjumeak, larunbat honetan Lisboan jokatuko duen 70.3 ironmanerako prestaketarako erabili zuen proba, eta ongi ibili zen: 53.a sailkatu zen ( 1:15:32), bere kategorian 12.a. Xabi Borregak kategoria berrian debut polita egin zuen: probako gazteena izan zen, eta 252.a sailkatu zen (1:33:54), bere kategorian 17.a.  

Larunbatean Half Triathlon Iruña
Larunbatean Half Triathlon Erronka jokatuko da, 14:00etatik aurrera. Allozko urtegian 1,9 km-ko igeriketa proba osatu ondoren, bizikleta hartu eta Iruñera joan beharko dute triatletek (85 km), han bizikleta utzi eta Iruñeko erdigunean prestatutako zirkuituan 19,5 km egiteko. 1.200 triatleta daude izena emanda, eta tartean Sakana Triatloi Taldeko Mikel Lakuntza, Isidro Asurabarrena, Jon Iturrioz eta Sergio Garcia de Eulate ariko dira.