Nafarroako Txapelketatik 11 domina Sakanara

Guaixe 2019ko mai. 17a, 14:28

Berritutako Antoniuttiko zirkuituak Nafarroako Irristaketa Zirkuitu Txapelketa hartu zuen asteburuan, eta Sakanako 5 irristalarik –Iratxe Lapuentek, Maitane Igoak, Anne Lapuentek, Unai Villalobosek eta Ioseba Fernandezek– 11 domina lortu zituzten guztira

Asteburuan berritutako Antoniutti Zirkuituan Nafarroako Irristaketa Zirkuitu Txapelketak jokatu ziren. Horrela, Antoniuttiko zola berritzeko lanen emaitza probatzeko aukera izan zuten gure irristalariek. Patin Sakana taldeko irristalariez gain, Lagunak, Amaya eta Berriro Ere klubetan aritzen diren irristalari sakandarrak aritu ziren, eta guztien artean emaitza bikainak lortu zituzten: bost irristalarik Sakanarako 11 domina lortu zituzten guztira.

Sakandarren emaitza paregabeak
Kimuen mailan, emakumezkoetan, Patin Sakana taldekoak txukun ibili ziren: Intza Unamuno Ruiz 24.a sailkatu zen, Enara Arregi Gomez 28.a, Ane Arregi Larraza 29.a, Eukene Vazquez Rodriguez 30.a eta Maialen Pain Urteaga 32.a. Gizonezkoetan, Jon Urkizar 7.a izan zen eta Ekhi Civico 9.a.

Haurren mailan, emakumezkoetan, 4 domina etorri ziren Sakanara. Lagunak taldean dabilen Iratxe Lapuente Perez ziordiarrak bi domina lortu zituen. Lehena izan zen 430 m sprintean eta bigarrena 100 m sprintean; lan guztiak kontuan hartuta sailkapen orokorrean bigarrena izan zen. Eta Lagunakeko Maitane Igoa Lopez de Agileta etxarriarrak beste bi domina lortu zituen: 100 m sprintean lehena izan zen eta 8.000 m kanporaketan hirugarrena; sailkapen orokorrean hirugarrena izan zen. Haurren mailako gizonezkoetan Sakana Patin taldeko Oier Ormazabal Ijurra 12.a izan zen sailkapen orokorrean eta Yerai Goikoetxea Garziandia 14.a sailkapen orokorrean.

Gazteen mailatik domina bat etorri zen Sakanara. Emakumezkoetan, Lagunak taldean dabilen Anne Lapuente Perez hirugarrena sailkatu zen 430 m sprintean, eta sailkapen orokorrean seigarrena izan zen.

Junior mailan 4 domina lortu zituen Lagunak klubean dabilen Unai Villalobos Hernaz altsasuarrak gizonezkoetan. Ikusgarri aritu zen: hirugarrena izan zen 100 m sprintean, 430 m sprintean, 10.000 m puntuetan eta 15.000 m kanporaketan, eta sailkapen orokorrean ere 3. postua lortu zuen. Lagunaken bere taldekidea den Ander Chamorro Aldasoro zazpigarrena sailkatu zen sailkapen orokorrean. Emakumezkoetan, Lagunak klubean dabilen Ana Rita Correira de Fernandes altsasuarra 12.a sailkatu zen sailkapen orokorrean.

Bukatzeko, senior mailan beste bi domina lortu ziren. Gizonezkoen seniorretan, Berriro Ere klubeko Ioseba Fernandez Fernandez iturmendiarra ikusgarri aritu zen: lehena izan zen 100 m sprintean eta 430 m sprintean. Amaya klubean dabilen Unai Baztan Abanses zazpigarena sailkatu zen sailkapen orokorrean.  

Sakanako Irristaketa Topaketa maiatzaren 25ean Altsasun
Sakanako Mankomunitateak Sakanako Irristaketa Topaketa antolatu du maiatzaren 25ean, larunbatarekin, Altsasun. Horretarako, ondoko talde eta entitateen laguntza izan du: Altsasuko Udala, Patin Sakana Taldea eta Sutegi, Aitziber, Etxarri Aranatz eta Uharte Arakilgo irristaketa taldeak. Altsasuko Altzania, Zumalakarregi eta San Juan kaleetan eginen da irristalarien topaketa, 17:00etatik aurrera. Sakanako irristalariak bertan bildu, eta lasterketa eta jokoetan ongi pasatzea da helburua, eta irristalariei ekimenera gerturatzeko deialdia egin die Mank-ek.

Sakanako Irristeketa Topaketan aritzeko izena ematea zabalik dago Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus) edo Patin Sakana, Sutegi, Aitziber, Etxarri Aranatz eta Uharte Arakilgo taldeetan.