Ezkurdia: "Nire mailaren erdirik ez dut eman, eta zapore txarrarekin noa etxera”

Buruz Buruko finalerdietan erori zen arbizuarra, Urrutikoetxearen kontra (22 eta 14). Hasieran gertatutako pare bat tanto polemikotan –Urrutik traba egin zion– bere onetik atera zen Ezkurdia eta hortik aurrera ez zen eroso ibili. Urrutik eta Irribarriak jokatuko dute Buruz Buruko finala

Buruz Buruko finalean ez da festa sakandarra izango. Joseba Ezkurdia finalerdietan erori zen, larunbatean Bilbon Urrutikoetxearen kontra jokatutako finalaurrekoan. 1.700 ikusle inguru hurbildu ziren Bizkaia pilotalekura, harmailetatik erdia baino gehiago, eta dirua Ezkurdiaren alde atera zen, 100 80ri. Baina launako berdinketatik aurrera lehia aldatu zen eta Mikel Urrutikoetxea izan zen protagonista nagusia. Bizkaitarrak ez zuen partida borobila egin, baina Ezkurdia baino hobe aritu zen eta bere Buruz Buruko hirugarren finala jokatuko du ekainaren 2an Bizkaia pilotalekuan. Danel Elezkano 12 tantotan utzi zuen Iker Irribarria ikusgarria izango du aurkari.

Pilotazaleek partida gogor eta ikusgarria espero zuten, baina ez zen hala izan. Erritmo oso altuan jokatu zuten, eta akats nabarmenak egin zituzten biek. Hasieran bikain aritu zen Ezkurdia, horma bikoetan maisu, baina Urrutiren defentsa sendoa izan zen. Launako berdinketatik aurrera aldatu zen partida. Pare bat tanto polemikoetan, traba egin zion Urrutik Ezkurdiari, epaileek ez zuten ezer esan eta bere onetik atera zen arbizuarra. Horrek partida guztia baldintzatu zuen, bukaeran arbizuarrak onartu zuen bezala. ʺAztoratuta ibili naiz tarte horretan eta garesti ordaindu dut, gero alferrik izan baita atzetik aurrera egitea” azaldu zuen. Horrela, Urrutik alde handia atera zuen markagailuan, 14 eta 4, 10 tantotako takada, tanto motzetan, gehiegi nekatu gabe baina merezita. Sakea ongi egin zuen eta tantoa bukatzen asmatu zuen.

Ezkurdia lasaitu zen, amorrua alde batera utzi eta takada ederra lortu zuen. 16 eta 12 gerturatu zen markagailuan. Tarte horretan ez zen fin ibili bizkaitarra, akats nabarmenak izan zituen. Aldiz, ordura arteko jokorik onena erakutsi zuen arbizuarrak. Baina ez zuen bolada on hori eusten jakin. Urrutik ongi asmatu zuen atsedenak kudeatzen eta une erabakigarrienetan finago ibili zen.

20 eta 12 aurreratu zen Urrutikoetxea eta Ezkurdiak arrisku handiak hartu zituen azken txanpa horretan. Horrela, bi tanto ikusgarri lortu zituen arbizuarrak, 20 eta 14ra gerturatuz, baina sake bat ezin izan zuen erantzun eta azkeneko tantoa ere ezin izan zuen ongi eman. Horrela, 22 eta 14 gailendu zen Urruti. Bizkaitarra oso kontentu, bere hirugarren finala jokatuko duelako eta iazko urte txarra –mononukleosiak jota, urte gogorra izan zuen Zaratamokoak– atzean utzi duelako. Eta galtzeko moduagatik triste arbizuarra. ʺNire mailaren erdirik ere ez dut eman, eta zapore txarrarekin noa etxera. Galtzea gauza bat da, baina entrenamenduetan eman dudan mailan eskaini ezinak sortzen dit amorrua. Ez dut eroso jokatu, gozakaitz aritu naiz, eta itxaron egin beharko dut Buruz Buruko lehen finala jokatu ahal izateko” adierazi zuen Ezkurdiak partida bukaeran.

Buruz Buruko 3. postua jokoan
Joseba Ezkurdiak eta Danel Elezkanok Buruz Buruko 3. postua erabakitzeko partida jokatuko dute igandean Tolosan (17:00, ETB1). Ostegunean aukeratuko dute materiala, 12:00etan.