Lagun Arteak berdindu eta Altsasuk irabazi

Guaixe 2019ko mai. 20a, 13:58

Erregionaleko igoera fasea. 11. jardunaldia: Iruntxiki 3 – Lagun Artea 3 / Altsasu 4 – Universidad de Navarra 0

Asteburuan erregional mailako igoera faseko 11. jardunaldia jokatu da. Lakuntzako Lagun Arteak Beriainen jokatu zuen, Iruntxiki taldearen kontra, eta bi taldeek partida bikaina eskaini zuten. Iruntxiki 2 eta 0 aurreratu zen markagailuan, baina lakuntzarrak dominatzen hasi ziren eta Xabik eta Ikerrek sartutako golei esker, bina berdindu zuten atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian, 67. minutuan, 2 eta 3 aurreratu zen Lagun Artea Enekok sartutako golari esker, baina, tamalez, bukaerarako 2 minuturen faltan hirura berdindu zuen Iruntxikik.

Bestalde, Altsasuk garaipen potoloa lortu zuen Dantzalekun Universidad de Navarrari 4 eta 0 irabazita. Partidako jaun eta jabe izan ziren altsasuarrak, eta Iokinek (2), Imanolek eta Guisadok sartutako golei esker 3 puntu bildu eta sailkapeneko azken postua atzean uztea lortu zuen Altsasuk.

Erregional mailako igoera faseko A multzoko liderra Zizurko Ardoi B taldea da (23 puntu). Lagun Artea bigarrena da, puntu batera (22 puntu). Altsasu zazpigarrena da (9 puntu). Asteburuan 12. jardunaldia jokatuko da. Lagun Arteak Ardoi taldea hartuko du, eta, beraz, lidergoa egongo da jokoan Zelai Berrin. Altsasuk etxean jokatuko du sailkapenean hirugarrena den Barañaingo Lagunak taldearen kontra. Sailkatzen diren lehen hiru taldeak igoko dira preferentera eta hiru jardunaldiren faltan, oraindik asko dago jokoan.