Altsasuko enplegu bulegoak astelehenean mustuko du bere egoitza berria. Leku aldaketa dela eta Nafar Lansaretik jakinarazi dute ostiralean bulegoa lehenago itxi eta astelehenean beranduago zabalduko dutela. Hori dela eta, ordutegi horretan lan eskaera berritu behar duten pertsonek hiru aukera dituzte: 948 012 012 edo 012 telefonoetara hots egitea, www.empleo.navarra.es web orriaren bidez egitea edo Nafar Lansareren aplikazioaren bidez egin (Google Play edo App Store eskuratu daitezke).
Bulego berria kamineroena zen etxebizitza bloke baten beheko eta lehen solairuetan egokitu dituzte. Hara joateko parean duen supermerkatuaren aparkalekutik egin behar da. Eraikina berritzeko lanak azaroan hasi ziren eta 680.000 euroko aurrekontua izan dute, SEPEren modernizazio planarekin batera finantzatu dena. Izan ere, estatu erakunde horrek eta Nafar Lansarek espazioa partekatuko dute.