Andra Mari, Nafarroako Txapelketako lider

Guaixe 2019ko mai. 21a, 15:30

Kadeteen Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketako 2. jardunaldia jokatu eta gero, Andra Mari B taldeak jarraitzen du buruan. Larunbatean azken jardunaldia eta finala jokatuko dira Berriozarren

Larunbatean Kadeteen Mailako Nafarroako 4x4 Sokatira Txapelketako (280 kg) bigarren jardunaldia jokatu zen Antsoainen. Guztira 7 talde ari dira parte hartzen txapelketan, tartean Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolatik sortutako taldeak, eta Araxes, Berriozar eta Antsoain klubetatik sortutakoak.  

Atzera ere, Andra Mari B taldea izan zen talderik onena (7 puntu), Antsoain A (6 puntu) eta Berriozar A (5 puntu) taldeen aurretik. Berriozar B laugarrena eta Antsoain B bosgarrena izan ziren, biak 3,5na punturekin, Andra Mari A seigarrena (1,5 puntu) eta Araxes azkena, (1,5 puntu). Bi jardunaldiko puntuak batuta, Andra Mari B doa lehena 14 punturekin, Antsoain A eta Berriozar A bigarrena eta hirugarrena dira, biak hamarna punturekin, eta Antsoain B da laugarrena, 9,5 punturekin. Berriozar B da urrena (6,5 puntu), Andra Mari A (3 puntu) eta Araxes (3 puntu) taldeen aurretik.

Larunbatean hirugarren eta azken jardunaldia eta finala jokatuko dira, 17:00etatik aurrera, Berriozarko Eguzki plazan. Hirugarren jardunaldia jokatu eta gero, puntu batuketa eginen da eta lehen bi sailkatuek jokatuko dute final handia.