Garcia de Eulate eta Benjumea primeran

Guaixe 2019ko mai. 22a, 12:48

Half Triathlon Iruñean aritu ziren 959 triatleten artean 49.a sailkatu zen Sergio Garcia de Eulate eta Felix Benjumea primeran ibili zen Lisboako Ironmanean, 42.a sailkatu zen

Iruñea triatleten hiriburu bilakatu zen larunbatean, Halt Triathlon Iruñea Erronka jokatu baitzen, proba oso gogorra. Euriak eta haizeak are gehiago gogortu zuten berez oso latza den proba. Izan ere, Allozko urtegian 1,9 km-ko igeriketa proba osatu eta gero, bizikleta hartu eta Iruñera jo behar izan zuten triatletek (85 km), bukaeran Iruñeko erdigunean 19,5 km-ko korrikaldia egiteko. Eneko Llanosek sekulako erakustaldia egin zuen eta azkarrena izan zen, hiru ordu eta hiru laurdeneko lan gogorraren ondoren (03:44:06). Emakumezkoetan, Anna Noguera izan zen azkarrena (04:17:13). 1.200 triatleta zeuden izena emanda proban aritzeko, eta 959k lortu zuten proba bukatzea.

Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate oso fin ibili zen eta 49. postuan iritsi zen helmugara, lau ordu luze eta gero (04:17:13). Bere kategorian, 35 eta 39 urte arteko mailan, zazpigarrena sailkatu zen altsasuarra.  Gorka Acebesek 69. postuan gurutzatu zuen helmuga (4:25:26) eta Hiruki Trikideak taldeko Mikel Astiz 120.a sailkatu zen (04:34:03) eta bere taldekide Jose Ignacio Mikeo 189.a (04:41:25). Bukatzeko, Sakana Triatloi Taldeko Jon turriozek lan oso txukuna egin zuen eta 245.a iritsi zen (04:47:17). Azkenean, Sakana Triatloi Taldeko Mikel Lakuntzak eta Isidro Asurabarrenak ez zuten proban parte hartu.



Benjumea 42.a Lisboako Ironmanean
Sakana Triatloi Taldeko Felix Benjumea asteburuan Lisboako 70.3 Ironmanean lehiatu zen. 1,9 km igerian, 90 km bizikletan eta 21,1 km korrika osatu behar izan zituen. Bikain aritu zen altsasuarra eta lau ordu eta ia 40 minutu behar izan zituen proba gogorra bukatzeko (04:39:01). Helmugara 42.a iritsi zen, eta bere mailan, 40-44 urteen arteko adin tartean, seigarrena sailkatu zen. Ruedi Wild izan zen garailea (03:50:10).