EH Erronka: Uhartearrak laugarrenak

Guaixe 2019ko mai. 22a, 13:05

Larunbatean Leitzak EH Erronka Ultra Traila hartu zuen (68 km) eta Uharte Arakilgo Jose Luis Beraza eta Amaia Razkin ikusgarri aritu ziren, laugarrenak sailkatu baitziren

Larunbatean distantzia luzeak maite dituzten mendi korrikalariak Leitzan bildu ziren, Euskal Herria Mendi Erronka Ultra Trail lasterketan (67 km eta 3.000 m desnibel positiboa) aritzeko. Proba, aldi berean, Euskal Herriko Ultren Txapelketa izan zen. Beraz, berez ikusgarria den probak ikusmin handiagoa piztu zuen aurten. Puntako korrikalariak irten ziren besteak beste Aralarko paraje zoragarriak zeharkatu zituen ultra osatzeko prest. Lasterketa hasi baino lehen, erretiroa hartu duen Iker Karrera amezketarra omendu zuen antolakuntzak.

Beraza, Erronkako eta Euskal Herriko Ultren beterano txapelduna
Berastegiko Ion Azpirozek erakustaldi bikaina egin zuen eta meritu handiko garaipena lortu zuen, euripean 67 km-ak osatzeko sei ordu eta hiru laurden behar izan baitzituen (06:45:07). 12 minutuko aldea atera zion Logroñoko Jonatan Tejadari (06:57:32). Hain zuzen ere, Tejada izan zen probako sorpresetako bat, bereziki igotzen sekulako erraztasuna izan zuelaako. Iker Etxebarria basauriarra izan zen hirugarrena (07:05:31) eta Jose Luis Beraza uhartearra laugarrena, proba bikaina egin eta gero (07:11:21). Izan ere, ikusgarri aritu zen beterano sakandarra, sare sozialetan aitortu duen bezala. ʺProbaren bezperetan zalantzak izan nituen, katarro zantzuak nituelako, baina espero baino askoz ere hobeto aritu nintzen, hankek ongi erantzun zuten eta sekulako lasterketa egin dut, egia esan. Oso kontentu nago. Laugarrena sailkatzeaz gain, Euskal Herriko Erronkako txapeldun beteranoa eta Euuskal Herriko Ultren Txapelketako hirugarrena eta txapeldun beteranoa izan naiz. 50 urte beteko ditudan urte honetan ezin dut gehiago eskatu!” aipatu du Berazak sare sozialetan.
Joxeja Maiza etxarriarrak ere proba bikaina egin zuen eta 19.a iritsi zen sailkapenean (07:36:55).


Emakumezkoetan Uxue Fraile ikusgarri aritu zen. Leranozko alabak zortzi ordu behar izan zituen proba despeditzeko (08:04:36) eta 14 minutu pasa atera zizkion Abadiñoko Silvia Triguerosi (08:1846). Izaskun Zubizarretak osatu zuen podiuma (08:47:44) eta Amaia Razkin sakandarra podiumetik gertu gelditu zen, laugarrena sailkatu baitzen, lasterketako lehen emakume seniorra (08:52:28). Mendi lasterketetan urrats sendoa eman du Uharte Arakilgo korrikalariak: horren isla,  aurreko astean Irati Trailen hirugarrena izan zen eta Euskal Herriko Mendi Erronkan, ultra distantzian, bikain moldatu da, laugarrena.

Bestalde, asteburuan Berroetan jokatutako mendi lasterketan Iñaki Mihura (01:48:25) eta Lourdes Oiartzabal (02:14:35) gailendu ziren. Jokin Bereziartu altsasuarra 13.a sailkatu zen (02:08:32).

Sakandarrak EH Mendi Erronkan (67 km)
Gizonak
1.Ion Azpiroz         06:45:07
4.J.L. Beraza (Uhar.)    07:09:23
19.Joxeja Maiza (Etx.)     07:36:55
85.Jabi Beraza (Irur.)    08:42:27)
239.Xuban Mendiola (Etx.) 10:01:15
453.Felix San Roman (Alts.) 12:47:48

Emakumeak
1.Uxue Fraile        08:04:36
4.Amaia Razkin (Uhar.)     08:52:28