Juniorrak: Jon Gilen garaipena Zumaian

Guaixe 2019ko mai. 22a, 13:27

Larunbatean Zumaiako lasterketan txapelduna izan zen Lizarten dabilen lakuntzarra eta igandeko Elgoibarko proban hirugarrena izan zen, Aitor Alberdiren atzetik

Nafarroako selekzioarekin konbokatuta ez zeuden juniorrak larunbatean Zumaiako lasterketan eta igandean Elgoibarkoan lehiatu ziren. Larunbatean Memorial Joxe Mari Korta lasterketa jokatu zen Zumaian (91,5 km) eta junior mailan eta Lizarte Ermitagaña taldearekin bere lehenengo garaipena lortu zuen Jon Gil txirrindulari lakuntzarrak (02:26:14). Lakuntzarra bikain aritu zen, lasterketa primeran irakurtzen jakin zuen eta bakar bakarrik iritsi zen helmugara. 28 segundo atera zizkion Bellota taldeko Haritz Chicori.

Hurrengo egunean, igandean, XXXIX. Elgoibarko Hiria Sarian aritu ziren juniorrak. Lasterketa oso mugituan azkenean Ampo taldeko Iker Barandiaran gailendu zen (02:12:59). 2 segundo atera zizkien Sakana Group-Aralar taldeko Aitor Alberdi arbizuarrari eta bezperan Zumaiako proba irabaztetik zetorren Jon Gil lakuntzarrari. Inhar Astitz (Sakana Group) 15.a sartu zen, Mikel Arretxe (Beola) 20.a, Mikel Lizasoain (Sakana Group) 27.a, Urko Gorriti (Sakana Group) 37.a eta Unax Miranda (Sakana Group) 50.a.

Kadeteak: sakandarrak Eibarren
Igandean kadeteen tropelak Eibarko Ikolan Sari Nagusia jokatu zuen (68 km). Tropel nagusia batera iritsi zen helmugara eta esprintean Donosti Berri taldeko Iñaki Errazkin gailendu zen (1:41:00). Top-20an, Burundako Quesos Albeniz taldeko Sergio Lopez 11.a eta Sakana Group-Aralar taldeko Aimar Tadeo 15.a sailkatu ziren. Jon Erdozia (Sakana G.) 26.a, Oihan Etxeberria (Q. Albeniz) 35.a, Mikel Unzilla (Q.Albeniz) 69.a eta Jon Chamorro (Q. Albeniz) 77.a