Arrieta eta Mintegi bikain Valladoliden

Guaixe 2019ko mai. 23a, 12:30

Nafarroako selekziorekin larunbateko taldekako erlojupekoa irabazi zuten eta igandeko lasterketan Igor Arrietak tartekako helmugen saria eta Mintegik borrokalaritasunaren saria lortu zituzten

Larunbatean Nafarroako junior mailako selekzioak Valladolideko Federazio Trofeoan hartu zuen parte. Hautatzaileak Sakana Group-Aralar taldeko Igor Arrieta eta Burunda klubeko Quesos Albizu taldeko Iker Mintegi eta Unai Aznar deitu zituen, Ion Jurio, Nikolas Agirre eta Diego Uriarterekin batera. Selekzioa ikusgarri aritu zen eta larunbatean La Cisterna herrian hasi eta Viana de Cegan despeditu zen taldekako 17,5 km-ko erlojupekoa irabazi zuen, Euskadiko selekzioaren eta Victor Sastre Fundazioaren aurretik.

Igandean, 115 km-ko lasterketa jokatu zuten Valladoliden. Iker Mintegi, Unai Aznar eta Igor Arrieta oso aktibo egon ziren, proban tarteka sortu ziren ihesaldi guztietan parte hartu baitzuten, oso lehiakor. Azkenean Igor Arrieta 12.a sailkatu zen, Unai Aznar 30.a eta Iker Mintegi 72.a, baina ez ziren esku hutsik bueltatu, Igor Arrietak tartekako helmugen saria lortu baitzuen eta Iker Mintegik tartekako helmugena eta lehiakortasunaren saria.