Espainiako Auzitegi Nazionalean abiarazitako prozedura batek Egin egunkaria itxiarazi eta hango buruak espetxera eraman zituzten. Epaitegiek gerora ebatzi zuten itxiera ez zela bidezkoa. Ordurako egunkariaren azpiegitura hondatuta zegoen. Egin egunkariak gizarte segurantzarekin zorra zuen. Eta hori Gara egunkariari ordainarazi diote. Hiru milioi euro inguru dira oso denbora gutxian ordaindu beharko dituenak egunkariak.
Dirutza hori biltzeko #ExpolioGARA, Etorkizunera begira kanpaina martxan jarri du egunkariak. Egunkariaren egoeraren berri eman eta aurrera begirako egitasmoen berri emateko hitzaldi sorta antolatu dute. Hiriberri Arakilgo Aitor Agirrezabal kazetariak hitzaldia emanen du gaur, 19:00etan, Etxarri Aranazko kultur etxean. Irurtzunen, berriz, elkartasun pintxo-potea eta garagardo dastatzea antolatu dute. Gainera, Beietz taldeak kontzertua emanen du. Hori guztia ostiralean, 18:30ean, Irurtzungo Barazkigunean izanen da.