Garikoitz Flores bigarrena Fiton

Guaixe 2019ko mai. 23a, 11:07

Espainiako Mendi Txapelketako 2. Kategoriako lider jarraitzen du pilotu lakuntzarrak

Asteburuan Espainiako Automobilismoko Mendi Txapelketako baliagarria den  bigarren proba jokatu zen Asturiasen, 48. Fitoko Nazioarteko Igoera. Euriak proba baldintzatu zuen guztiz eta arazo asko izan zituzten autoek. Proba Christian Merli italiarrak irabazi zuen (Osella). Garikoitz Flores pilotu lakuntzarra (BRC B49) bigarrena sailkatu zen bere kategorian, 2. Kategorian (06:01 m.), Domingo Estrada (Silver Car S3) irabazletik 2 segundora (05:59 m.). Hala ere, Espainiako Mendi Txapelketako 2. Kategoriako lider jarraitzen du Garikoitz Floresek (48 puntu), bigarrena den Domingo Estradarekin puntutara berdinduta. Hurrengo proba Tenerifen jokatuko da ekainaren 8an eta 9an, X. Guia de Isorako igoera.

Bestalde, asteburu bat lehenago, maiatzaren 11n jokatutako XXVIII. Gorlako Igoeran bigarrena sailkatu zen Garikoitz Flores, Aitor Zabaleta txapeldunetik (LOLA T298, 02:32 m) 4 segundora (02:36). 57 pilotuk hartu zuten parte igoeran, baina horietatik 49k lortu zuten proba bukatzea.

Arakildarrak III. Esteribarko Rallysprintean
Maiatzaren 11n III. Esteribarko Rallysprinta jokatu zen. 36 ibilgailuk hartu zuten parte, eta horietatik 27k lortu zuten sailkatzea. Joseba Beola pilotuak eta Jose Luis Iratzokik irabazi zuten rallysprinta (Mitsubishi Lancer Evo X, 18:39 m.), eta Arakil Motorsport taldeko hainbat taldek hartu zuten parte: Javier Garcia eta Javier Bueno (Renault Clio Sport) laugarrenak sailkatu ziren (20:07), Sergio Pejenaute eta Luis Zabalza (Peugeot 309 Gti 16 v) 19.ak (21:42), Joseba Iñarrea eta Mairu Garisoain (Citroën Saxo VTS) 20.ak (21:43) eta Alberto Osinaga eta Eduardo Ardaiz (BMW E30) ere 20.ak (22:19). Arakil Motorsporteko hiru bikotek ezin izan zuten proba bukatu: Fran Bujan-Unai Bengoa (Ford Sierra Cosworth), Diego Figueroa-Oskia Dominguez (Ford Focus ST) eta Eder Urrestarazu-Victor Santesteban (Citroën AX GT).

Bestalde, asteburuan Onton-Otañes Rallysprinta jokatu zen eta bertan aritu zen Eneriz Besga pilotu olaztiarra, Ander Gurmindo kopilotuarekin (Citroën Saxo VTS). Probako lehen bi pasatan ongi aritu ziren, aurreikusi ez zituzten denborak egiten, baina hirugarren pasan guardarrailaren kontra jo eta lasterketa utzi behar izan zuten.