Duela lau urteko Nafarroako Foru Hauteskundeak historikoak izan ziren. Lehen aldiz, ordurarte Foru arduretatik baztertuak ziren indar politiko abertzale eta aurrerakoiek Parlamentuaren gehiengoa lortu zuten eta, honen ondorioz, GEROA BAI koalizioak Gobernu ezberdin bat zuzentzeko ardura eta ohorea izan dugu.
Nafarroako erakundeak beste bide batean kudeatu daitezkeela frogatu dugu lau urte hauetan, UPN eta PSN-ren eredua atzean utziz. Nafarroako autogobernua hobe defendatu izan dugu Estatuarekin dugun Hitzarmen Ekonomikoaren eguneratzea adostuz eta nafar herritarrentzat ehunka milioi euro berreskuratuz. Foru kontuen kudeaketa ere txukuna izan da eta aurreko gobernuaren aldetik jasotako herentzia kaxkarrari buelta ematea lortu da.
Zerga erreforma mailakatu eta bidezko bat sustatuz arlo sozialean inbertsio kopurua handitzeari ekin diogu eta Hezkuntzan, Osasungintzan edo Eskubide Sozialetan aurreko gobernuen murrizketei buelta eman diegu.
Garapen ekonomikoa azpiegitura erraldoietan baino pertsonetan erdiratu daitekeela frogatu dugu, Nafarroako eskualde ezberdinetan eragileekin batera garapen planak landuz eta martxan jarriz.
Lau urte hauetan GEROA BAIk Nafarroako aniztasuna balore bat bezala ulertu izan du bere kudeaketan: Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun lege berria; LGTBI eskubideetan aurrerapausoak; euskararen normalizazioan eremu mistoa handituz; Kultura eskubideak bermatzeko legeak sustatuz eta, oro har, ehun lege baino gehiago onartu dira.
Azken legealdi honen ondorioa ez da izan inondik inora eskuinak iragarri duen apokalipsia: langabezia edo pobrezia tasak Nafarroan Estatuarenak baino dexente baxuagoak dira; Nafarroaren zorra txikitu da, eta abar. Eta 2019-2023 aldirako 350 neurri proposatzen ditugu autogobernua, garapen jasangarria, berdintasuna edo iraultza digitala lortzeko.
Datorren maiatzaren 26an Nafarroarentzako beste une historiko baten aurrean gaude eta arduraz jokatzea eskatzen dizuegu. Uxue Barkos eta GEROA BAIren aldeko bozka, etorkizunak azken lau urte hauetako bidetik jarrai dezan bermatzeko.
Geroa Bai