Gure helburuak ezin argiagoak dira Nafarroa osoan zein Sakanan bertan. EHBilduren lehen helburua Nafarroan 2015an Erregimena instituzio nagusietatik atera zituen Aldaketa berriro garaile izatea da. Bigarren helburua, EHBildu izatea aldaketaren lehen indarra.
Helburu horiek ditugula diogu, baina botoak eta lortuko dugun ordezkaritza instituzionala tresna batzuk baizik ez dira. Benetako helburu zein arrazoiak honako hauek dira:
1) Maiatzaren 26an Nafarroan jokoan dagoena da 2015ean hasitako bidean urrats gehiago egitea ala iraganeko garai ilunetara itzultzea. Nafarroa duina, demokratikoa eta justuagoa eraikitzea ala Erregimenaren autoritarismoaren pean bizitzea, mendeku gosez itzuliko litzatekeen Erregimena hain zuzen. Gure determinazioa eta konpromisoa erabatekoa da aldaketa berriro garaile atera dadin.
2) Aldaketa sakonagoa, ausartagoa, behar dugulako. Horretarako ezinbestekoa da EHBildu indartsua, aldaketaren lidergoa izatea, lidergo konpartitua garatzea.
3) Ausardia genioen, aldaketa sozial sakonagoak egiteko, euskararen lege berria egiteko, Madrilen aurrean gure soberania defendatzeko, preso politikoen eskubideen defentsan aritzeko.
4) Iraganeko inertzia batzuekin bukatu behar da. Zentzurik gabeko azpiegitura erraldoi eta diru xahutzailerik ez dugu behar. AHT proiektua bertan behera gelditu behar da, horren ordez tren soziala bultzatuz, eta horrekin batera garraio publikoaren plan integrala Sakana osoarentzat.
5) Bertan bizi, bertan lan egin. Sakanako Plan Estrategikoa bultzatu behar dugu, tokiko garapenean oinarritutako enplegu duina sortzeko. Sakanak krisi larria pairatu du, baina badu inteligentzia kolektiboa, indarra eta determinazioa aurrera egiteko. Sakanako gizartearekin, ingurumenarekin, balore, kultura eta historiarekin bat datorren plan sozioekonomiko osoa asmatuz, berrituz eta garatuz aurrera aterako gara. Krisiaren irtenbidea soziala eta jasangarria izan behar delako, gizartea justuagoa, aurreratuagoa eta demokratikoagoa izango bada.
Sakana Geldiezina!
EH Bildu